Osasun aholkuak

Kaparren inguruko aholkuen gida zabaldu du Lesakako Osasun Zentroak

Ttipi-Ttapa 2025eko ekainaren 29a

Pertsonarengana ailegatuz gero, kaparrak toki bero eta hezeetara joaten direla oroitarazi du Lesakako Osasun Zentroak, alegia, «besapeetara, izter zokoetara edo buruko larruazalera gehienetan». Hainbat prebentzio neurri zerrendatu ditu eta horrekin batera, kaparra kentzeko zer egin behar den erran ere bai.

Prebentzio neurriak
  • Galtza luzeak eta atorra mahukadunak jauntzi oihan itxietan, belar luzeko belaietan edo landare aunitzeko tokietan.
  • Galtza barrenak galtzerdien barrenetik sartu, kaparrak sartu ez daitezen. Atorra galtza barrenetik sartu beti.
  • Arropa argia jauntzi, kaparrak ongi ikus daitezen.
  • Arropari zomorroak uxatzekoa bota.
  • Halako tokietan zabiltzanean, maiz begiratu arropara eta azalera, kaparrik ba ote duzun ikusteko.
Kaparra kentzeko zer egin?

Kaparra kendu ahal izateko «burutik edo ahotik hurbil» hartu behar da kaparra, «pintzekin». Lesakako Osasun Zentroaren hitzetan, «ez erabili eskuak, eskularrurik ez baduzu. Beharrezkoa bada, komuneko papera edo paperezko eskuoihal bat erabili».

Horren ondotik, «kanpoaldera tiratu behar da, gelditu gabe, baina mugimendu suabe batekin, kaparra zanpatu gabe». Hori «kontuz egiteko» aholkatu du, «kaparraren burua azal barrenean geldi ez dadin». 

Kendutakoan garbitzeko momentua da. Hala, «urez eta xaboiz garbitu azala, ongi, baita eskuak ere», esplikatu du Lesakako Osasun Zentroak. Hortik aitzinera, «aste batez edo pare batez, begiratzeko» aholkatu du, «Lymeren eritasunaren sintomarik agertzen ote den ikusteko». Gaitz horren seinaleak inguru hori gorritzea eta gripe moduko zerbait izaten dira.

Edozein kasutan, kaparra osorik atera ez bada, osasun etxera joateko adierazi du eta bidenabar, «kaparra kontsultara pote batean» eramateko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun