Osasun aholkuak

Beroaren kontra «burua hotz» mantentzearen garrantzia azpimarratu du Lesakako Osasun Zentroak

Ttipi-Ttapa 2025ko eka. 28a, 09:00

Udan sartuta, beroarekin kasu emateko erran du Lesakako Osasun Zentroak. Hainbat aholku eman ditu.

Kirola egitean

Bero handieneko orduetan ariketa fisikorik ez egiteko aholkatu du Lesakako Osasun Zentroak. Horrekin batera, aire zabalean baldin bada, arropa arina, zapela eta eguzkitako babesa erabiltzeko erran du.

Ariketa fisikoa egin aitzinetik, bitartean eta ondotik «egoki hidratatzearen garrantzia» ere azpimarratu du: «ura eta organismoa hidratatzen eta birmineralizatzen duten edari isotonikoak edanez».

Bide beretik, gaizki sentituz gero, edo kalanbreak, ahultasuna edota goitika botatzeko gogoa sumatuz gero, gelditzeko erran du. «Sintomek segitzen badute, 112ra deitu».

Lanean

Lanean ari behar denerako ere hainbat neurri proposatu ditu.

  • Enpresentzako neurriak:
    • Lana antolatu: Lanean hasi aitzinetik «tenperatura altuen eraginpean dauden langileen egokitzapena ziurtatzea» garrantzitsua iruditzen zaie osasun zentroko arduradunei, baita «lanik astunenak bero guttiagoko lanaldi edo orduetan egitea eta bakarrik egitea saihestea» ere. «Lan erritmoa egokitzeko aukera» emateko ere eskatu du.
    • Bero kolpeari aurre hartu: «Tenperatura altuak diren kasuetarako prozedura bat garatzeko» aholkatu du osasun zentroak, eta «norbait gaizki sentitzen bada, gelditzeko» erran du. «Halakoetan pertsona leku fresko eta klimatizatu batera eramateko» aholkatu du eta «sintomek segituz gero, larrialdietara deitzeko».
    • Osasuna zaindu: «Osasunaren zaintza espezifikoa bermatzeko» ere galdegin du, arreta berezia emanez patologia kronikoengatik, medikazio jakin batzuengatik, adinagatik, haurdunaldiagatik eta abarrengatik kalteberak diren langileei».
    • Langileei prestakuntza eman: «Tenperatura altuek osasunean dituzten ondorioen  eta bero kolpeen aitzineko sintomen inguruan» langileei informazioa ematea ere garrantzitsua iruditzen zaio Lesakako Osasun Zentroari, baita «prebentzio neurri espezifikoen inguruko prestakuntza» ematea ere.
    • Hidratazioa eta babesa eman: Barreneko espazioetan «ingurumen baldintza egokiak» eskatu ditu eta kanpoko lanetan, «arropa arina, biserak edo kapelak, eguzkitako antiojoak eta eguzkitako krema» ematea garrantzitsua dela gaineratu du. Horrez gain, «atsedenerako gune klimatizatua edo itzala duten tokiak prestatzeko, ur freskoa emateko eta aparkaleku itzaltsuak paratzeko» erran du.
  • Langileentzako neurriak:
    • Lana antolatu: «Lan astunak bero handieneko lanaldietan eta orduetan saihestu» beharrekoak dira Lesakako Osasun Zentroak oroitarazi duenez, eta «lan erritmoa beroaren tolerantziaren arabera egokitzea eta tarte erregulatuetan atseden hartzea» ere garrantzitsua da bere ustez, «deskantsuak toki itzaltsu, fresko edo klimatizatuetan».
    • Bero kolpeari aurre hartu: Gaizki sentituz gero, gelditzeko aholkatu du, eta «leku fresko edo klimatizatu batera erretiratzeko». Azkenik, «sintomek segitzen badute, 112ra deitu behar da».
    • Patologia kronikoengatik, medikazio jakin batzuengatik, adinagatik, haurdunaldiagatik eta abarrengatik kaltebera izanez gero, «lanpostua egokitzeko» gomendatu du. «Jarri harremanetan zure prebentzio zerbitzuarekin».
    • Hidratatu: «Ura edo gatzak dituzten edariak maiz edan, egarri izan arte esperatu gabe». Bide batez, «kafeinadun edariak edo azukredunak saihesteko» aipatu du.
    • Babestu: Lan astunak egitea tokatuz gero, «lanaldia bukatzean, maiz freskatzeko eta dutxatzeko» ere nabarmendu du Lesakako Osasun Zentroak, baita «arropa arina eta kanpoko lanetan biserak edo kapelak, eguzkitako antiojoak eta krema erabiltzeko ere». Gaineratu duenez, «eguzkitan aparkatutako ibilgailuak aireztatu gidatzen hasi aitzinetik».
Aholku orokorrak udan
  • Ez atera berorik handieneko orduetan eta ez egin ahalegin fisikorik: erosketak, garbiketa, jarduera fisikoa...
  • Ahal dela ez edan kafeina, alkohola edo azukrea duen edaririk.
  • Erabili arropa arina, eguzkitako krema eta antiojoak, eta zapela.
  • Zaindu bereziki adinekoak, haurrak, haurdun daudenak eta eritasun kronikoren bat dutenak.
  • Edan ur gehiago, maizago, eta egin otordu arinak.
  • Busti edo dutxatu ur freskoarekin, erabili haizagailua eta joan fresko dauden tokietara.
  • Ez utzi inor, ezta animaliarik ere, ibilgailu batean.
  • Sukar handia, nahasmendua edo kordea galduz gero, osasun zerbitzuetara joan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun