Mikel Irigoien Irazoki

«Hasieratik helburu bakarra bizikletan disfrutatzea izan da»

Ttipi-Ttapa 2025eko ekainaren 28a

Urdinez jantzita dagoena, eskuinekoa, da Mikel Irigoien Irazoki beratarra. Argazkia: Karlos Baleztena.

Txirrindularitzarekin erabat lotua dago Mikel Irigoien Irazoki beratarraren bizitza eta halaxe aurkeztu du bere burua ere, «ttikitatik bizikletan herrian harat hona ibili den Berako gazte bat».

Familiatik datorkio txirrindularitzarako afizioa Irigoieni: «Bai amaren eta bai aitaren familien aldetik txirrindularitza mundua gustatzen zaie, eta eskualdeko lasterketa denetan laguntzen aritu dira», kontatu du. Ez hori bakarrik, afizioa eta ofizioa elkarlotuta dituzte etxean bertan. Irigoienen familiak, Katea Bike bizikleta denda du Beran eta txikitatik ordu aunitz pasatutakoa da bertan. Argi du horrek ere baldintzatu duela bere zaletasuna: «Bizikleta artean hezi naiz, eta jaio berria nintzenetik txirrindularitza munduan murgildu naute». 

Lehen probak berandu

Nahiz eta bizikletarekin jaiotzetiko harremana izan, bertze haur aunitz baino beranduago hasi zen lehian beratarra, hain zuzen ere 17 urte zituela. «Hasieran mendiko lasterketetan hasi nintzen, eta gero errepideko probak egitera pasa nintzen», azaldu du. Falcesen egin zuen lehen txapelketa, Caja Rural Kopa eta egunaren oroitzapen polita du: «Ilusio handia nuen, aitari bi urtez lehiatzeko gogoekin nintzela eta lata eman eta gero, azkenean, baimena eman zidan. Lasterketan azkena iritsi arren, niretzako kristoren esperientzia izan zen». 

Hasi bazen hasi, gaur egun oraindik ere horretan segitzen du eta Euskal Herriko lasterketez arago, Espainiako Kopan eta Zamorako Itzulian ere aritu da. Tarte horretan hainbat taldetan ibili da: «Lehenengo independente  bezala ibili nintzen, gero Hostal Latorre Ederlan taldean aritu nintzen eta orain Eibarko Txirrindularitza Taldean ari naiz», kontatu du. 

Eibarren orain

Eibarren ari dira orain, eta «esperientzia polita» izaten ari dela dio, talde antolatua delako eta «urte aunitzeko ibilbidea», dutelako. «Lau urtez talde berdinean egon eta gero, aldatzeko garaia zela pentsatu nuen, eta Eibarren egutegia eta planteamendua interesgarria iruditu zitzaidan», esplikatu du. Talde hori da, hain zuzen Euskal Herriko Itzulia antolatzen duena. 

Egun bakarrekoak zein hainbat egunetako probak egin ditu Irazokik orain arte, baina biak ditu maite, «bietan disfrutatu eta sufritzen dut». Hala ere, orain arte parte hartu duen proben artean badu bat bertzeak baino maiteago duena: Bidasoko Itzulia. «Etxeko lasterketa da, hiru egunez Beratik pasatzea eta entrenatzen duzun errepidetatik ibiltzea ahaztezina da». 

Geroa txirrindularitzan

Hemendik aitzinera ere, etorkizunean txirrindularitzarekin lotua segitu nahi du Irazokik. Ez du, ordea, profesionalerako saltorik buruan:«Hasieratik helburu bakarra bizikleta gainean disfrutatzea izan da, inoiz ez dut pentsatu profesionaletarako saltoan». Ingeniaritza mekanikoa ikasten ari da, eta bizikletaren munduari lotuta jarraituko nahiko luke arlo horretan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun