Uztailaren 5ean inauguratuko dute Berako bizikleta parkea

Ttipi-Ttapa 2025ko eka. 27a, 13:00

Komiziarra inguruan egindako pistetako bat.

Aspaldikoa da Beran mendiko bizikletan ibiltzeko dagoen ohitura. Duela 30 urte egin zuten lehen mendi bizikleta bidexka, eta geroztik bide gehiago irekitzen aritu dira. Orain, urte aunitzetako lanaren ondotik, eta Berako Udalaren, Nafarroako Gobernuaren eta Bikebidasoa elkartearen laguntzarekin, bidexka guzti horiek legeztatu, eta bike park bat osatu dute Komiziarra inguruan. Uztailaren 5ean eginen dute inaugurazioa. 

Bike park bat mendiko bizikletan ibiltzeko gune itxi bat da, markatutako bideak dituena. Bi bidexka ditu Komiziarrakoak: urdina eta gorria

Heldu den larunbatean, uztailaren 5ean, eginen dute inaugurazio ekitaldia eta bi bideak probatzeko aukera izanen da. Goiz osorako hainbat ekintza prestatu dituzte:

  • 08:30etik 09:00etara izen ematea berretsi beharko da Toki Ona kiroldegian. Izan ere, bizikletekin parte hartzeko aitzinetik eman behar da izena galdetegi hau betez.
  • 09:00etan hasita mendi bizikletan osatzeko hiru ibilbide izanen dira aukeran eta taldean zein banaka egiteko aukera izanen da. Lehenengo bidea Enduro modalitateren antzekoa da, igoera tekniko eta exijenteekin; bigarrena Enduro modalitatekoa jaitsierako tarte egokituekin, eta hirugarrena zuzenean bizikleta parkean izanen da. Hiru bideak Bike Park berrian bukatuko dira.
  • 11:00etan Katea Bike ostatua ireki eta jatekoa banatuko dute Bike Parkean. Bertan bi pistak probatzeko aukera izanen da eta musika ere paratuko dute.
  • 12:30ean eginen dute zinta moztea eta alkatea eta zinegotziak bertaratuko dira ekitaldira.
  • 13:00etan emanen dute ekitaldia bukatutzat.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun