Bortzirietako kontsultategietan sei mediku izatetik bi izatera pasatuko dira uztailaren 21etik aitzinera

Ttipi-Ttapa 2025ko eka. 26a, 12:30

Egoera aldatzen ez bada Bortzirietan sei familia mediku izatetik bi izatera pasako dira uztailaren 2tik aitzinera

Arantzako, Berako, Etxalarko, Igantziko eta Lesakako Udalek ohar bateratu bat atera dute Lesakako osasun etxearen egoeraren berri emateko. Bortzirietako medikuen lehen arretako (goizeko) lan taldea sei familia medikuk eta pediatra batek osatzen dute. 

Momentu honetan, dagoeneko, medikuen lan taldean badaude hainbat huts: Arantzako eta Igantziko medikua apirilaren bukaeratik bajan dago, eta Berako kontsultategiko bi medikuetatik baten lanpostua titularrik gabe dago 2024ko otsailetik, eta bertzea 2025eko uztailetik aitzinera ere kasu berdinean egonen da.

Osasunbidea ordezkoak bilatzen ari dela adierazi dute, baina momentuz ez dagoela inor lanpostu horiek betetzeko. Gauzak aldatzen ez badira, beraz, uztailaren 21etik aitzinera sei familia mediku izatetik bi izatera pasatzea aurreikusi dute. 

Hori gertatzen bada, pazienteak artatzeko modua aldatzea ezinbertzekoa izanen dela jakinarazi dute: Arantza, Igantzi eta Etxalarko kontsultategira medikua ezin izanen da joan eta Bera eta Lesakan mediku bana egonen da. Hala ere, lehentasuna izanen dute Bortzirietako etxeetara ematen diren arreta eta larrialdiek. Lan hori Lesakako eta Berako bi medikuek egin beharko dute.

Artatuak izateko, Bortzirietako biztanleek telefono horietara deitu beharko dute:

  • Lesakarrek 948 63 81 30.
  • Beratarrek eta etxalartarrek 948 62 50 40.
  • Aranztarrek 948 63 41 31 zenbakira astelehenetan, asteazkenetan eta ortziraletan. 
  • Larrialdietarako 112 zenbakira deitu beharko da.

Bortz udalek eta Lesakako Osasun Etxea egoera hobetzeko lanean ari direla diote eta langileen jarraibideei kasu egitea eskatu diete herritarrei. Halaber, bortz udalek medikuei, erizainei eta administrariei egiten duten esfortzua eskertu nahi diete.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun