'Jostaldia' ikuskizunarekin borobildu dute Berako Labiaga ikastolaren 50. urteurrena

Ttipi-Ttapa 2025ko eka. 26a, 11:30

Joan den larunbatean, ekainaren 21ean, Berako plazan Labiaga ikastolaren 50. urteurreneko ekitaldien artean azkena egin zuten, 'Jostaldia'. Antzerkia, dantza eta bertsoak uztartu zituen ikuskizuna ikastola duela 50 urte sortu zen leku berean taularatu zuten

Argazkiak: Labiaga ikastola.

Ikastolako ikasleek, irakasleek, gurasoek, guraso ohiek, irakasle ohiek, sortzaileek eta laguntzaileek parte hartu zuten, «komunitatea indartuz». Antzerkiaren gidoia Jon Abrilek idatzia da eta Itziar Eliasek zuzendu zuen obra. Ekhine Zapiain eta Julen Zelaieta bertsolariek, berriz, narratzaile papera egin zuten, bertsoen bitartez ikuskizuneko haria jarraituz.

Ikastolak adierazi duenez, Jostaldia ikastolaren urteurreneko ospakizunei bukaera emateko ekitaldi «ezin hobea» izan da, «momentu gogor eta hunkigarriez gain, umorez betetakoak bizitzeko parada» eman duena. «Belaunaldi aunitz elkartu ziren plazan, eta ikastolaren historian izan diren une zailak eta horiek gainditzeko ikastola osoak erakutsitako indarra gogora ekarri ziren».

Hainbat oroitzapen orainaldira ekarri zituzten aktore lanetan zebiltzanek, «iraganeko esfortzua eta gaur egungo arrakasta uztartuz, eta horrek malkoak eta irribarreak eragin zituen bertaratuen artean». Jende aunitz bildu zen elkarrekin bizipenak partekatzera, eta Berako Herriko Etxeko Plaza ikastolako aitzindarien, irakasle ohien, ikasle ohien eta familien topaleku bilakatu zen.

Ikuskizunaren bidez, Labiaga ikastolak «Berako herrian euskararen alde egindako lana mahai gainean jarri eta egiten ari den bidearen isla erakutsi» nahi izan du, «oraingo ikasleek ere honen berri izan eta euren memoria historikoa elikatzeko asmoz».

50. urteurrena borobiltzeko, Baietz bertze ehun leloa duen abestia kantatu zuen ikastolako komunitate osoak, «horrela izanen denaren zalantzarik izan gabe».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun