Herriarteko pilota txapelketa ttikiko finalera joateko autobusa antolatu dute Beratik

Ttipi-Ttapa 2025ko eka. 26a, 13:00

Uztailaren 5ean jokatuko dituzte Nafarroako herriarteko pilota txapelketako finalak Berak eta Ultzamak eta Labritera joateko autobusa antolatu dute Beratik.

Uztailaren 5ean, Beratik Labritera joan, bueltan Doneztebeko Santamarian bazkaldu eta Berara bueltatzeko plana egin dute

Laugarren urtez segidan Nafarroako herriarteko pilota txapelketa ttikiko finalerako sailkatzea lortu du Berak. Uztailaren 5ean, larunbatean 10:00etan hasiko dira Bera eta Ultzamaren arteko partidak eta bertara joateko eta pilotariak animatzeko autobusa antolatu du Bortziriak pilota elkarteak. Telefono bidez apuntatu behar da, 618 11 95 16 zenbakira idatziz edo deituz. Plaza mugatuk izanen dira, autobusa bete arte.

Egun osoko plana antolatu dute uztailaren lehen larunbaterako. 08:00etan abiatuko da autobusa Toki Onako aparkalekutik. 10:00etan finalak hasiko dira eta finalak bukatu ondotik, irabazi ala galdu, autobusean joanen dira Doneztebeko Santamaria jatetxera bazkaltzera. 19:30ean aterako da autobusa Doneztebetik Berara. Egun osoko prezio 20 eurokoa da haurrentzat eta 40 eurokoa helduentzat. Bakarrik bazkaltzera joateko apuntatzeko aukera ere badago, otordua bakarrik ordainduz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun