Lesakako bertso-eskolakoek Biziberrituz euskara kantatu zuten eta trikipandero taldekoek ere jo zituzten zenbait pieza. Ondotik, Lesakako Euskara Batzordearen adierazpena irakurri zuen Txoltxan Txoperenak (beheitian osorik). Ondotik, sua pizteko ardura izan zuten Eli Cantero eta Beni Nibal solaslagunek, bata Beran bizi den alemaniarra eta bertzea Dominikar Errepublikakoa. Beraiei lagun eginez, solaslagunen taldean ari diren Donostiako Alvaro Lopez, Soraluzeko Elias Lagoma eta Lezoko Arrate Egia izan ziren, hiruak Lesakan bizi direnak. Solaslagunak taldean aritzen dira Belen Compains, Xanta Sousa eta Sofia Sanchez ere.
Sua piztu ondotik, ezpata dantzari taldeak entsegua ere egin zuen plazan sanferminei begira, Beñat Ordoki aitzinesku gidari zutela eta txistularien doinupean. Ondotik, herri afaria izan zen norberak eramandakoarekin. Euskara Batzordearen kontu izan ziren mahaiak eta aulkiak eta plazan bertan izan zen edaria. Afaldu eta gero dantzaldia izan zen Alaitz, Gorka eta Hekthor taldearekin.
Lesakako Euskara Batzordearen adierazpena
Gizakiak, salbuespenak salbuespen, hamar hatz eta bertze hainbertze behatz ditugu; batuketa eginez hogei. Eta euskaraz hogeitik goiti zenbatzeko hogeiko sistema hori erabiltzen dugu, berrogei, hiruretan hogei, lauretan hogei… gure esku ditugun unitateak baliatuz.
Baina munduan barna gehien hedatu den sistema hamartarra da; nonbait errazagoa da eskuetakoak bakarrik erabiltzea oinetakoak ahantziz, eta luzera, pisua, tenperatura… magnitudeak neurtzeko horixe da nagusi. Hala ere, honetan euskaldunak bereziak gara; izan ere, musean ari garelarik bortz tanto egiten ditugunean hamarreko bat biltzen dugu; erneak, e!
Gaur, dena den, ez gara matematika kontuetan aritzeko elkartu, bertze hamarreko bati omen egitera baizik; hainbat tokitatik: Brasildik, Dominikar Errepublikatik, Herrialde Katalanetatik, Espainiatik, Euskal Herritik… etorritakoek osatu duten taldea goraipatzera, alegia. Eta zertara etorri dira bada? Hara! Euskara ikasi eta guttieneko maila bat lortu ondotik erabiltzera.
Honela, ortziralero elkartu eta tertulian aritzen dira, pintxo-poteoa egin bidenabar, belarriprest ez ezik ahobizi izateko ere intentzio guziarekin.
Hori dela-eta talde honi eman diogu udako solstizioa iragartzen duen sua bizteko lantxo eta ohorea.
Gure aldetik hamarreko horri merezitako hamar bat paratuko diogu.
Segi bide horretatik ea hogeiko sistemara ere ailegatzen zareten!