'Ipuin ibilbideak' proiektua prestatu dute Lesakan haur eta nerabeei begira

Ttipi-Ttapa 2025eko ekainaren 23a

Itsaso Alcalde ilustratzailea eta udaleko turismo eta komertzio koordinatzailea, Lide Igoa proiektuaren egilea eta Ladis Satrustegi alkatea, aurkezpenean.

Lide Igoa Fontan herriko gazteak egin du, natura eta kultura ondarea modu erakargarrian ezagutarazteko helburuarekin.

Herriko haur eta nerabeentzako sortutako Ipuin Ibilbideak proiektuaren aurkezpena egin dute ekainaren 23an Lesakako herriko etxean. Gure natura eta kultura ondarea modu hezigarri eta erakargarrian ezagutarazteko helburua du egitasmoak.

Proiektuaren egilea Lide Igoa Fontan da, Ingurumen Hezkuntza eta Kontroleko ikasketak egiten ari den ikaslea. Bere praktika aldia herriko etxean egin du: lau ibilbide didaktiko hautatu eta horietako bakoitzarentzat ipuin bana sortu du, gure inguruko ohitura, kondaira eta mitologian oinarrituta. Gainera, udalaren laguntzaz, Itsaso Alcaldek egindako ilustrazioekin eta material osagarriekin osatu du lan hori, parte hartzea eta esplorazioa sustatzeko asmoz.

Liburuxkak pasaporte bat ere badu, eta ibilbide bakoitza osatzean parte hartzaileek Turismo Bulegoan zigilu bat jaso dezakete.Adinaren arabera, hiru edo lau ibilbide eginda, Ipuin Esploratzailearen Diploma eskuratzeko aukera dute. Proiektuak, gainera, haurrentzako motibazio gisa balio du gure mendiak eta ingurunea modu motibagarri eta parte hartzailean ezagutzeko, pasaportea, zigiluak eta diploma bezalako elementuek esperientzia berezi bihurtuz. Liburuxka formatu fisikoan doakoa izanen da, nahiz eta oraindik ez dagoen eskuragarri; bitartean, online ikus daiteke esteka honen bidez: https://heyzine.com/flip-book/4c4ab0d801.html

 

Eskaintza zabalago baten barrenean

Aurkezpenean, Lesakako Udalak herritarrei eta bisitariei zuzendutako eskaintza zabalagoaren berri ere eman du Itsaso Alcalde. Bertzeak bertze, aipatu dira Olentzeroren ginkana digitala, herria familian ezagutzeko jarduera dibertigarria; TopRutas aplikazioan eskuragarri dauden ibilbide tematikoak eta mendikoak; eta Bizibide, mendiko bizikleta ibilbideen sarea. Guztiak ere Lesaka eta bere inguruak modu osasuntsu, dinamiko eta jasangarrian ezagutzeko aukera eskaintzen dutenak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun