Besten aitzinetik eskaini ohi duen kontzertu berezien haritik, Euskal Playlist Irratia kontzertu bikaina eman zuen Lesakako Musika Bandak ortzirale arrats epelean udal pilotalekuko aparkalekuan. 750 entzulek bete zuten aparkalekua eta gozatu ederra hartu zuten emanaldiarekin.
Mikel Iriarte Pikabearen zuzendaritzapean, Xabi Zabalaren musika moldaketekin eta Paola Oskoz eta Ritxi Abril esatariek bikain gidatuta, Anabel Arraiza, Joli Paskualena, Petti eta Iker Huitzi abeslariak, Kanka taldea, Tantirumairu Euskal Folklore taldeko eta Oinkari dantza taldeko dantzariak, Jone eta Estitxu Elgorriaga trikirilariak, Irain eskolako eta Tantirumairu ikastolako ikasleak izan ziren oholtzan. Azken hauek, kantuetako bat zeinu hizkuntzarekin lagundu zuten eta kalejiran dantzan ibili ziren azken abestian.
Une hunkigarriak ere bizitu ziren. Kanka musika taldea berriz ere oholtzan ikusteko eta aditzeko aukera izan zen eta hauek aurten hildako Jabier Fagoaga abeslariari omenaldia egin nahi izan zioten, bere irudiarekin batera jo baitzituzten taldearen hiruzpalau abesti. Ez zen sorpresa bakarra izan, Whatsapp dei baten bidez, kanta bat eskaini nahi izan baitzioten bere bilobek musika bandan 62 urte daramazkin Juanito Ordoki Gaxteluri. Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek ere Whatsapp audio bat bidali zuten, kontzertu honetako musika moldaketa guztiak egin dituen Xabi Zabala musikaria zoriontzeko Maite Zaitut kantaren bidez. Tartean, lehengo eta oraingo euskal kantuak, Mikel Laboatik hasi eta Janus Lester arte, aditzeko aukera izan zuten.