'Ombuaren itzala' filma emanen dute heldu den ortziralean Beran

Ttipi-Ttapa 2025ko eka. 20a, 19:00

Onbuaren Itzala pelikulako une bat. Argazkia: Aiurri.

Pello Mari Otañoren bizitza kontatzen duen 'Ombuaren itzala' filma ikusteko aukera izanen da heldu den ortziralean, hilaren 28an, Beran.

Emanaldia 19:00etan izanen da Berako Kultur Etxean eta sarrera debalde izanen da. Emanaldia bukatzean solasaldia izanen da Patxi Bisquert egilearekin.

Ombuaren itzala Pello Mari Otaño (Zizurkil, 1857 – Rosario, 1910) bertsolari eta poetaren bizitzari eta lanari buruzko filma da. 1875ean ihes egin zuen lehen aldiz Amerikara, foruak indargabetu ondotik, eta bizpahiru urtez Brasilen, Argentinan eta Uruguain bizi izan zen, artzain eta errementari lanetan, Zizurkilera itzuli aitzinetik.

Geroago, Ameriketara itzultzea erabaki zuen, eta hamar urte eman zituen han gautxo gisa lanean, gaixotu eta Euskal Herrira itzuli arte. Une horretan hasten da Ombuaren itzala narrazioa.

Karlisten eta liberalen arteko borrokak eragindako gizarte batean, Otaño bere lekua bilatzen saiatu zen: Madalen Alberdirekin ezkondu zen, eta nolabaiteko oihartzuna lortu zuen bere poesia eta bertsoei esker.

Nolanahi ere, Otañok Ameriketara itzuli behar izan zuen familiarekin, egoera ekonomiko hobe baten bila. Bertan, ombu bat, Argentinako panpako zuhaitza, Zizurkilgo bere jaiotetxean landatutako intxaurrondo batekin lotzen zuen poema idatzi zuen. Idazki hau da Bisquerten proiektuaren izenburuaren jatorria.

Patxi Bisquert zuzendari eta ekoizleaz gain, Uma Manterola, Olatz Beobide, Sara Cozar, Joseba Usabiaga, Iñaki Beraetxe, Ramon Agirre eta Kandela Manterola aktoreek ere parte hartzen dute filmean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!