Zer moduzko esperientzia izan zen Unibertsitatera Sartzeko Proba?
Ninbe Lizardi: Esperientzia polita izan zen, klaseki guziak hotel batean egon ginelako lo egiten, nahiz eta azterketetako nerbioekin eta estresarekin ez zen erraza izan. Iruñean hotel bat hartzea eta denak batera egotea aunitz gustatu zitzaidan. Gainerakoan, azterketa batzuk nahiko zailak izan ziren eta horrek ez zuen aunitz lagundu, azterketak egin ondotik beti horietan pentsatzen egoten ginelako.
Onintze Iparragirre: Esperientzia diferentea izan zen. Nerbio aunitzekin ibili ginen zer harrapatuko genuen ez genekielako. Baina ikasle aunitzek hotel batean egin genuen selektibitateko egonaldia eta horrela, elkar babestuz eta animatuz, errazagoa izan zen.
Julene Goya: Lehenbiziko azterketa kenduta, nahiko lasai egon nintzen. Egia da, egun horietan presio handia izan genuela nota lortu behar genuelako. Bertze alde batetik, lagun batean etxean egon nintzen eta nire ustez, etorkizunera begira, etapa hori prestakuntza bat izan zen, gehienbat pertsonalki.
Lorea Bertiz: Pertsonalki, lehenbiziko eguna nahiko gogorra egin zitzaidan hiru azterketa genituelako, eta gainera, horietako bat, Historia, 18:30ean. Baina, aldi berean, horrela, azterketa erdiak egun batean egin nituen eta ondoko egunetan lasaiago ibili nintzen. Bertzetik, hagitz gaizki pasatu nuen Matematikako azterketan, ia ariketa guziak buruketak izan zirelako, hau da, konpetentzialak, eta ez zitzaizkidan hagitz ongi atera. Gainera, kurtsoan gehien gustatu zaidan ikasgaia izan da eta amorrua eman zidan azterketa gaizki ateratzeak. Gainerakoan, orokorrean, esperientzia espero nuen bezalakoa izan zen: alde batetik, gogorra presioagatik, baina bertzetik, polita lagunen artean ginelako.
Zenbat azterketa egin zenituzten?
Ninbe Lizardi: Nik zazpi egin nituen, beharrezkoak Euskara, Gaztelania, Filosofia, Ingelesa eta Matematika; eta aukerakoak Biologia eta Kimika.
Onintze Iparragirre: Sei azterketa egin nituen. Gaztelania, Ingelesa, Euskara, Filosofia, Matematika eta Biologia.
Julene Goya: Sei azterketa egin nituen. Nahitaez egin beharrekoak: Ingelesa, Euskara, Gaztelania, Gizarte Zientzietako Matematika eta Historia eta Filosofiaren Artearen Historia. Eta horiez gain, hautazkoen artean, Ekonomia egin nuen.
Lorea Bertiz: Sei azterketa egin nituen: Gaztelania, Ingelesa, Historia, Euskara eta Gizarte Zientziei aplikatutako Matematika nahitaezkoen artean, eta Ekonomia hautazkoen artean.
Nolako ikasturtea izan da?
Ninbe Lizardi: Orain arte egin ditudan ikasturte guzien artean, zailena izan da. Presioa hagitz altua da, notarengatik, selektibitatearengatik eta zer ikasi nahi dugun aukeratu behar dugulako. Horrez gain, ikasgai guzietan gai aunitz eman behar dira eta irakasleak hagitz agudo joaten dira dena emateko denbora izateko. Azterketak hagitz teorikoak dira eta ordu aunitz sartu behar dira ikasten. Niretzat gogorra izan da, Irunen futbolean aritzen naizelako eta entrenatzen ordu aunitz pasatzen ditudalako. Horrek ikasteko denbora aunitz kendu dit eta denbora faltak ikasketak pixka bat zaildu dizkit.
Onintze Iparragirre: Ikasturte zaila izan da, azterketa aunitzekoa eta presio handikoa. Baina lehen erran bezala, ingurukoen laguntzarekin errazagoa izan da.
Julene Goya: Ikasturte gogorra izan da eta batzuek bertzeek baino gehiago sufritu dute. Nik, adibidez, ez dut aunitz sufritu, nahiko lasai ibili naiz ikasturte osoan. Erran behar da, gaitegi aunitz direla eta bertze kurtsoekin konparatuta, zailagoa izan dela. Baina esperientzia polita iruditu zait. Irakasleen aldetik, batzuek aunitz lagundu diguten bezala, bertze batzuek ez digute aunitz lagundu. Hala ere, ikasleon artean elkarri aunitz lagundu diogu eta talde polita sortu dugu. Bertzalde, selektibitatea aldatu digutenez, gogorragoa izan da. Bai ikasleok, baita irakasleek ere, informazioa falta genuen.
Lorea Bertiz: Ikasturte gogorra da, batzuek presio handia dutelako nota ona ateratzeko. Nire kasuan, ez nuen presio handirik. Ikasturte hau bertzeak baino lehenagotik bukatzen da, baina aldi berean, azterketa gehien egiten diren urtea da. Batxiler 1ekin konparatuta, gaitegi gehiago ikasi behar direla erranen nuke, batez ere Historian. Bertzalde, kurtso hasieran ez genekienez oraindik nolakoa izanen zen selektibitatea, hagitz galduak ibili ginen, bai ikasleak, baita irakasleak ere.
Zer ikasteko asmoa duzue?
Ninbe Lizardi: Nire asmoa kirolarekin zerikusia duen zerbait ikastea da. Nire lehenbiziko aukera Fisioterapia eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako gradu bikoitza egitea da. Bigarren aukera Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako gradua edo kirolean espezializatutako Lehen Hezkuntza egitea da. Gasteizen eta Donostian daude, baina nik Donostian ikasi nahiko nuke.
Onintze Iparragirre: Ez nago ziur, baina Gizarte Langintza, Psikologia edo arlo horretako bertze ikasketaren bat ikasteko asmoa dut.
Julene Goya: Hasieratik nahiko argi nuen Ekonomiarekin zerikusia duen zerbait ikasi nahi nuela. Publizitatea eta Harreman Publikoak eta Marketina ikasi nahi dut. Hemen, Euskal Herrian, Bilbon bakarrik ikasten ahal dut.
Lorea Bertiz: Ez dut inoiz hagitz garbi izan zer ikasi nahi dudan. Bertze ikasturteetan ez bezala, ikasturte hasieratik Matematika aunitz gustatu zait, eta heldu den urtera begira, Matematikarekin zerikusia duen zerbait egitea pentsatu dut. Horrez gain, Ekonomian ere gustura ibili naiz eta horregatik, Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza ikasi nahi nuke Iruñean.
Zerbait gaineratuko zenukete?
Ninbe Lizardi: Bi urte hauetan ikasi egin behar da, gehienbat 2. Batxilerren, baina lasai egon. Guk lortu dugun bezala, zuek ere lortuko duzue. Animo heldu den urtean Batxiler 2an egonen zaretenei eta suerte on!
Julene Goya: Heldu den urtean Batxiler 2ra sartuko direnei, lasai egoteko erranen nieke. Gogorra den arren, ikasita dena posible da. Gora Batxiler 2 eta gora gu! Sua Batxiler 2ari!
Lorea Bertiz: Batxiler 2ra sartu behar duten ikasleei lasai egoteko erran nahi diet, nahiz eta urte gogorra izan, disfrutatzeko, euren lagunekin ikasiko duten azken ikasturtea izanen baita.