VI. Zubigaineko Krosa eginen dute ekainaren 21ean Lesakan

Ttipi-Ttapa 2025ko eka. 19a, 09:00

Bortzirietako Lasterketa Herrikoien Kopako lehen proba izanen da aurten Lesakako VI. Zubigaineko Krosa.

Herriko hamabi zubi igarotzen ditu Beti Gaztek antolatutako ibilbideak eta, lehen aldiz Bortzirietako Lasterketa Herrikoien Koparako baliagarria izanen da.

Ekainaren 21ean, larunbatean 11:00etan hasiko da Lesakan Beti Gazte elkarteak antolatutako Zubigaineko kros herrikoiaren seigarren edizioa. Lehen aldiz, Bortzirietako Lasterketa Herrikoien Koparako baliagarria izanen da.

Ohi bezala, hamabi zubi zeharkatuko dituen lasterketa Lesakako Herriko Etxearen paretik abiatuko da eta bidean Arretxeko zubia, Koskillako zubia, Moxoren zubia, Periko zubia, Eskol Ttikiko zubia, Itturrunzubi, Antepasetako zubia, Espia zubia, Sumusa, Ekaitzako zubia, Bordieneko zubia eta Pintxeren zubia zeharkatuko ditu. Zarandian izanen du helmuga.

Izen emateak www.kronoak.com webgunean egin daitezke edo egunean bertan 10:00etatik aitzinera. Ttikietatik infantiletara bitartekoek bi euro ordaindu beharko dituzte eta gainerakoek bortz euro. 

Maila nagusiko eta junior mailako korrikalariek 6.000 metroko ibilbidea izanen dute, kadeteek 3.000 metrokoa, infantilek 1.200 metrokoa, alebinek 900 metrokoa, benjaminek 450 metrokoa, aurrebenjaminek 300 metrokoa eta ttikiek 200 metrokoa. Gizonezkoentzat nahiz emakumeentzat, maila nagusiko lehen sailkatuak 100 euroko saria izanen du, junior mailakoek 60 euroko bonua eta ttikiagoek dominak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun