'Jostaldia' ikuskizuna eginen du Berako Labiaga ikastolak larunbatean

Ttipi-Ttapa 2025ko eka. 18a, 20:00

Labiaga ikastolaren 50. urteurreneko ospakizunaren azken ekitaldia izanen da 'Jostaldia'. Irudia lehenengo ekitaldian ateratakoa da.

Labiaga Ikastolak 'Jostaldia' ikuskizuna eginen du ekainaren 21ean.  50. urteurrenerako prestatu dituen ekitaldietan azkena izanen da 'Jostaldia'. Antzerkia, dantza eta bertsoak uztartuko dira ikastolaren sorrera eta orain arteko ibilbidea biziberritu eta ospatzeko

Emanaldia Herriko Etxeko Plazan izanen da, 18:00etan, orain dela 50 urte Ikastola sortu zen tokian bertan. Ikastolako ikasle, guraso, ikasle ohi, guraso ohi, sortzaile eta laguntzaileek parte hartuko dute. 

Antzerkia, musika, bertsoa eta dantza uztartuz sortutako emanaldia da Jostaldia, Lapurdiko eta Nafarroa Behereko herri kulturan inspiratua. Urte osoan prestatu duten arte-drama honek ikastolaren 50 urteko historia ekarriko du plazara, hein batean herriko historia hurbila ere errepasatuz.

Aktore nagusien papera ikastolako ikasle eta guraso-ohiek jokatuko dute, eta ikastolako oraingo ikasleek ere parte hartuko dute emanaldian. Jon Abrilek idatzi du gidoia eta Itziar Eliasek egin du obraren zuzendaritza. Ekhine Zapiain eta Julen Zelaieta izanen dira bertsolariak.

Sarrera debalde izanen da, baina, plazan tokia hartzeko ordua baino lehentxeago ailegatzeko deia egin dute ikastolatik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun