Bestabusa Bortzirietako herriko besta egun jendetsuenetan paratzen den garraio zerbitzua da eta helburua besta giroko joan etorrietan arriskuak gutxitzea da.
Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak kudeatzen duen zerbitzua da, eta hemendik aitzinera, erabaki du, 15 eta 18 urte bitarteko gazteek guraso edo tutore arduradunaren baimen idatzia beharko dutela zerbitzua erabiltzeko.
Baimen horren helburua gurasoek adin txikiko semearengan edo alabarengan duten ardura oroitaraztea da, «dena delako egoera desatseginen aitzinean beraiek izanen baitira erantzuleak». Horrekin batera, besta giroaz, besta egiteko moduez, arriskuez, babes neurriez eta mugez solastatzera animatu nahi ditu mankomunitateak familiak. Gainera, oroitarazi dute gaiari buruzko zalantzak argitzeko gizarte hezitzailearengana jo dezaketela 948 63 50 36 zenbakira deituta.
Baimen eredua Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen azken berriak atalean deskargatu daiteke, eta bete eta Bortzirietako bortz herriko etxeetan edota mankomunitatearen egoitza elektronikoan aurkeztu beharko da.
Baimena 2025ean antolatuko diren bus guztietarako baliagarria izanen da. Hain zuzen, dagoeneko argitaratu dute zein datetan egonen den zerbitzua erabilgarri: Uztailaren 4an eta 5ean Lesakara, abuztuaren 1ean eta 2an Berara, abuztuaren 16an Arantzara eta Etxalarrera eta Igantzira irailaren 27an.