'Euskal Playlist Irratia' kontzertua emanen du Lesakako musika bandak ekainaren 20an

Ttipi-Ttapa 2025eko ekainaren 18a

Lesakako Musika Bandak hainbat formatutan eskaini du sanferminen aitzineko kontzertu berezia. Aurten, 'Euskal Playlist Irratia' izenburua paratu dio.

Hainbat abeslari, musikari eta dantzariren kolaborazioa izanen du ortziralean, 22:00etan pilotalekuko aparkalekuan hasiko den emanaldian.

Besten aitzinetik eskaini ohi duen kontzertu berezien haritik, Lesakako Musika Bandaren eskutik Euskal Playlist Irratia emanaldia izanen da ekainaren 20an, ortziralean, 22;00etan hasita udal pilotalekuko aparkalekuan. Euria eginen balu, pilotalekuaren barrenean eginen litzateke kontzertua. Sarrerak 5 eurotan eskura daitezke Lesakako Udalaren webgunean edo herriko etxean (sarrera fisikoa). Bortz urtetik beheitikoak doan sar daitezke.

Mikel Iriarte Pikabearen zuzendaritzapean, Xabi Zabalaren musika moldaketekin eta Paola Oskoz eta Ritxi Abril esatariek gidatuta, Anabel Arraiza, Joli Paskualena, Petti eta Iker Huitzi abeslariak, Kanka taldea, Tantirumairu Euskal Folklore taldeko eta Oinkari dantza taldeko dantzariak, Jone eta Estitxu Elgorriaga trikirilariak, Irain eskolako eta Tantirumairu ikastolako ikasleak izanen dira oholtzan. Emanaldia EITBk grabatuko du eta uda partean emanen du telebistan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun