Hiru ehiztari salatu dituzte Beran gauez ehizan ibiltzeagatik

Ttipi-Ttapa 2025ko eka. 17a, 14:45

Konfiskatutako materiala, Foruzaingoaren Elizondoko polizia etxera eramana.

Elizondoko polizia etxeko foruzainek Berako hiru gizon salatu dituzte berriki, gauez isilpean ehizan ibiltzeagatik. Bertze gauzen artean, mira teleskopikoa eta isilgailua duen errifle bat, munizioa eta linternak atzeman zizkieten.

Foruzaingoak prentsara igorritako oharrean zehaztu dutenez, Berako pista batean gauez patruilatzen ari zirela, agenteei «susmagarri» iruditu zitzaien mendiko ibilgailu bat ikusi zuten.  Barnean «hiru gizonezko, errifle bat isilgailu eta mira teleskopikoarekin, monokularrak, bipodea, binokularrak, kopetako linternak, kartutxoak eta nabalak» zeramazkiten. Foruzainen galderei erantzunez, hiru gizonek «bertsio kontrajarriak» eman zituzten, eta horregatik eta «ibilgailuaren lokatza eta ehizako arropengatik», ezkutuko ehizan zebiltzala ondorioztatu zuten agenteek. Gainera, «ez zuten arma lizentziarik, ez erriflearen jabetza dokumenturik, ezta ehizarako baimenik ere», eta, arau hauste horiengatik isuna paratu diete. Ibilgailuaren barrenean ehizatutako deus ez bazuten ere, «orkatz arrak harrapatzeko erabiltzen den zigilu bat» atzeman zietela gaineratu dute.

Oharrean erraten dutenez, «salaketak Ingurumen Sailera eta Gobernuaren Ordezkaritzara (Armen Erregelamendua)» bidali dituzte, «zehapen espedientea irekitzeko». Konfiskatutako objektuak, berriz, polizia etxera eraman dituzte espedientea itxi arte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun