'Guttieneko pentsioa = Guttieneko soldata'
Pentsio duina, bizi duina. Guttieneko pentsioa = Guttieneko soldata zioen pankartaren gibelean, Lesakako plazan bildu ziren atzo Baztan-Bidasoko Pentsiodunen Mugimenduko kideak. Ikasturte honetan pentsioen inguruan lortutako hobekuntzak aipatuz eman zioten hitzorduari hasiera. «Alde batetik, guttieneko pentsioa 1.035 eurora osatzea lortu da, alargunen pentsioen kasuan hilabetero ordainduz, eta erretiratuen pentsioen kasuan, heldu den urteko aitorpenean kobratuko da». Bertzetik, «1978ra arte kotizatutakoen kasuan, Pertsona Fisikoen Errentaren Zergaren kenkariak murrizten zituen araua indargabetzea» lortu izana ere txalotu zuten. Hala ere, «lorpenekin konforme gelditzetik urrun» daudela erran zuten, eta hala, euren «lehen mailako aldarrikapena» zein den oroitarazi zuten: «Guttieneko pentsioa eta guttieneko soldata berdintzea».
Osasun arreta
Osasun arretari ere erreparatu zioten, eta Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak esku artean duten «osasun lege berria edo lege berritua» hartu zuten hizpide. Lanketa horrek duen «berebiziko garrantzia» aipatu zuten, eta horretarako, «ahalik eta eragile gehienen parte hartzea» exijitu zuten. «Orain arte ikusitakoaren arabera, sektore pribatuak sekulako indarra du, eta zenbait alderdi politiko horien interesen menpe daude». Horregatik, hain zuzen, pentsiodunen ustez, «inoiz baino garrantzi handiagoa du mobilizatzeak, emendakinak aurkezteak eta gaia hurbiletik segitzeak». Hala, osasun publikoaren alde ospitaleetan eta osasun zentroetan egitekoak diren elkarretaratzeetara joateko deia egin zuten: «Nafarroako kasuan, Iruñean izanen da, ekainaren 19an, 09:30ean Parlamentuan, Nafarroako Osasun Plataformak deituta».
Eta eskualdeari dagokionez, Elizondon hilabetero egin dituzten elkarretaratzeak udan eginen ez badituzte ere, «egoerak mobilizazioekin segitzea eskatzen du» pentsionisten arabera. «Beraz, buruilean berriz prest egon beharko dugu karrikara ateratzeko».
Palestina gogoan
Azken hamazazpi elkarretaratzeetan bezala, «Palestinaren askatasuna» eskatu zuten atzo ere: «Herri honek hogei hilabetez genozidioa sufritu du eta sarraskiak ez du gelditzeko inolako itxurarik». Horrekin batera, «AEBk eta mendebaldeko bere morroiek palestinarren sufrimenduaren kontura negozioekin segitzen dutela» salatu zuten, «sionistek erailtzeko erabiltzen dituzten armak bidaliz». Egoera horretan, palestinarren alde erakutsitako «elkartasun keinu politak» izan direla ere txalotu zuten. «Euskal Herriko eskoletan, adibidez, loreak eraman dituzte ikastetxeetara, Palestinako haurrak oroituz. Loreek ez dute genozidioa geldituko, baina lore horien haziek biharko askatasuna ekartzeko indarra izanen dute».