[ARGAZKIAK]: Unax Aizpurua saratarrak irabazi du Euskal Herriko Eskolartekoa

Ttipi-Ttapa 2025ko eka. 16a, 10:00

Euskal Herriko Bat-Bateko Bertsolari Txapelketa jokatu zuten larunbat goizean Arantzan. Zazpi herrialdeetako hamahiru bertsolari aritu ziren kantari eta maila ederra eman zuten frontoian bildu ziren bertsozaleen gozamenerako. Azkenean, saratarrak jauntzi zuen zapela eta zapela jauntzita kantatu zuen bertsoa albiste barrenean.

11:30ean egina zuten hitzordua, eta ordua pasatuxea zela igo ziren hamahiru gazteak Arantzako frontoiko oholtzara. Ekhiñe Zapiain Arlegi beratarra eta Josu Txoperena Iribarren lesakarra aritu ziren gai jartzaile lanetan eta eurek ireki zieten bidea bertsolariei.

Zozketak hala erabakita, ordena honetan igo ziren oholtzara: Kattin Madariaga Apaolaza (Arantza, 2008), Goizane  Etxeberri Lopepe (Ainhize Monjolose, 2010), Enara Gallastegi Barrenetxea (Dima, 2007), Jokin Onaindia Elexpuru  (Aramaio, 2009), Suhar Gesalaga Egiguren (Azpeitia, 2007), Nahia Etxeberri Lopepe (Ainhize Monjolose, 2008), Amaiur Aizpuru Eskisabel (Hendaia, 2009), Egiar Otegi Torres (Oiartzun, 2007), Kattalin Lizarraga Mendia (Leitza, 2008), Unax Aizpurua Ibargarai (Sara, 2009), Leina Alkhat Larrandaburu (Etxebarre, 2011), Ekhi Zuluaga Intxaurbe (Igorre, 2009) eta June Astegieta Unzaga (Trebiñu, 2008).

Bakoitzak bere agurra kantatuta, lehenbiziko zatian, binaka, gaia emanda, bina bertso kantatu zituzten zortziko handian, eta segidan, bina bertso zortziko ttikian. Txukun eta fin ibili ziren bertsolariak, erritmo bizian, eta hainbat rol hartu zituzten: gelakideak, guraso bananduen seme-alabak, aitatxi eta amatxi, herri ttiki bateko bi biztanle...

Bigarren fasean sei bertsolari

Bigarren atalean ere ederki moldatu ziren. Hasierako fasean aritutako hamahiru bertsolarietatik, sei sailkatu ziren: Egiar Otegi Torres, Kattalin Lizarraga Mendia, Kattin Madariaga Apaolaza, Nahia Etcheverry Lopepe, Suhar Gesala Egiguren eta Unax Aizpurua Ibargarai. Kasu honetan, banaka aritu ziren. Lehenbizi, puntu emanda, bertsoa osatu behar izan zuten zortziko ttikian. Eta ondotik, gaia emanda, bertso bat gehienez bortz puntuko neurrian. Isiltzen dutenari, lortutako ametsari, sufrimenduari, zurrumurruari, egunerokoan idatzitakoari eta bizilagunaren oihuari kantatu zieten, bertzeak bertze.

Saio puntuagarriak bukatuta erran zuten irabazlearen izena: Unax Aizpurua Ibargarai saratarrak bildu zituen puntu gehien eta Saioa Alkaiza Guallarrek jauntzi zion zapela. Bigarren, berriz, Nahia Etxeberri Lopepe gelditu zen. Hala ere, saria denek hartu zuten: Esti Martinezen Animalia domestikoak liburua, Bizkaiko eta Nafarroako Bertsolari Txapelketetarako eta Xilabarako sarrera bana eta Ahots Bat Sormen Egonaldirako partaidetza. Sariak banatzeaz, Alkaizaz gain, Aroa Arrizubieta Barredo, Elixabet Etxandi Goienetxe, Manolo Arozena Mitxelena, Nekane Artola Labordeta eta Onintza Enbeita Maguregi arduratu ziren.

 

Sariak banatu aitzinetik, publikoaren artean zozketak egin zituzten eta saioa bukatzean, berriz, mokadua eskaini zuten frontoian bertan.

Epaile lanetan, bertzalde, Aitor Jimenez Tolosana, Ainhoa Sarasua Laskarai, Beñat Romero Maguregi, Jon Diaz de Mendibil Sarasti eta Unai Muniain Caballero aritu ziren eta  idazkari lanetan Ixiar Eizagirre Kerejeta.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun