Iarmendiko gaina bistan, herritik pare bat kilometrotara, eta bizkar zoragarrian. Hantxe bizi da Gerardo Danboriena Danboriena (Etxalar, 1949), Etxalarko Landaburuko borda baserrian. «Lehen haratago genuen etxea, eta hantxe bizi ginen atatxirekin eta amatxirekin. Baina zaharra zen eta gure atta zenak berria egin zuen, eta honat etorri ginen bizitzera».
Lau senidetan zaharrena da eta hantxe osatu du berak ere bere habia. Bere etxean hartu du TTIPI-TTAPA. Badu zer kontatua. Etxalarko galtzerdi fabrikaren sortzaileetako bat izan zen eta usazale ibilitakoa da, 700 urte baino gehiago dituen sare bidezko ehizan aritua 55 urtez. Berriki, Etxalarko usategiei buruz egin duten Abata dokumentalean parte hartu du.
Haur denborako zer oroitzapen dituzu?
Orduan arrunt diferente bizi ginen. Etxean argia izaten genuen, baina bonbilla ttiki bat justu-justuan. Biderik ere ez zen izaten eta eskolara oinez joaten ginen. 23-24 urte nituelarik egin zituzten bideak eta orduan hasi ziren lehenbiziko kotxeak. Bitarte oinez ibiltzen ginen, baita bestetan ere, musika bukatu eta oinez etxera. Bide txarra izaten zen, baina orduan ez zitzaigun hala iruditzen eta ilunpetan ibiltzen ginen. Gainera, hemen beti kontrabandoa izan da eta jendea gauez ibiltzera jarria izaten zen, ez zuen beldurrik izaten. Etxean bortz edo sei behi ere izaten genituen, eta oroitzen naiz aunitzetan arreba zaharrenak eta biok, hamaika urterekin, eskolara joan aitzinetik, asto batekin esnea eramaten genuela herrira. Atatxik marmita eta astoa prestatzen zizkigun, eta hantxe joaten ginen. 09:00etarako eskolan sartu behar izaten genuen eta aunitzetan denborarik izaten ez genuenez, ama bidera ateratzen zitzaigun. Eta hola, ahal den bezala, oraingo bizimoduarekin konparatuz, ederki aldatu da.
Eskolara kontent joaten zinen?
Bai. Matematika ez zitzaidan sobera gustatzen, baina Geografia eta Historia hagitz gustukoak izaten nituen, beti gustatu izan zaizkit. Atta gerran ibilia izaten zen eta berak ere bere pasadizoak eta istorioak kontatzen zizkigun. 14-15 urtera arte ibili nintzen.
«Mondragon kooperatibaren eredua aditua genuen eta guk ere zerbait egin nahi genuen»
Eta ondotik zer?
Baserrian laguntzen, usategietan lanean, kontrabandoan pixka bat ere bai... Garai hartan, gazteak kontrabandoan zerbait laguntzen hasten ziren, behiak eta ardia eramaten... Gero soldaduskara joan nintzen eta handik etorrita ere pixka bat ibili nintzen, baina ordurako bukatuxea zen. Etxean pixka bat laguntzen nuen, baina atta eta ama ongi ziren, eta mendian hasi nintzen, pinuetan. Gero, ezkondu eta mendiko lana ez zela 50 urtetan aritzekoa buruan nuela, herritar batzuk biltzen hasi ginen. Mondragon kooperatibaren eredua aditua genuen eta guk ere zerbait egin nahi genuen. Solasean hasi, hemen inguruan galtzerdiak inon ez zituztela egiten pentsatu, eta hola sortu genuen galtzerdi fabrika, gaur den egunean Lorpen dena.
Nola izan zen hasiera?
Mendian, baserrian eta usategietan lanean segitzen nuen, eta tarteka, ilunabarretan, solastatzeko biltzen ginen. Hola hasi ginen. Makina behar zela eta, Italiako Florentziara joan ginen kotxez. Nola funtzionatzen zuen ikusi eta bat ekarri genuen. Hala atera ziren lehenbiziko galtzerdiak. Baina arazoak ere izan genituen. Mekanikaz ez genekien deus, eta makina gelditu zitzaigunean, zer egin jakin ez! Lanerako gogoa bagenuen eta aitzinera atera ginen. Gainera, laguntza handia izan genuen. Bagenuen El Corte Inglesen ari zen ezagun bat, Oieregiko Florencio Lasaga, eta berak El Corte Inglesen galtzerdiak saltzen lagundu zigun. Bertzetik, Nafarroako Gobernuak ere lagundu zigun. Municheko feriara joan ginen eta han ere bezero bizkorki atera ziren. Eta poliki-poliki handitzen joan zen: makina gehiago, langile gehiago... Ameriketara ere ailegatu ginen. Ferietan ibiliz, amerikanoei gustatu zitzaien gure galtzerdia, baina Europatik Ameriketara eramateko
% 20ko muga zergak ordaindu behar zirela eta, lantegia Mexikon ireki genuen. Ideia ona bai, baina gauza bat da errana eta bertzea izana. Mexiko han da eta han mentalitate diferentea dute. Arazoak bat bertzearen gibeletik sortzen ziren. Arazo ekonomikoak ere izan genituen. Merkatua bagenuen, baina sosik ez. Zenbat eta bolumen handiagoarekin lan egin, orduan eta sos gehiago behar da eta... 2014an Ternua Group sartu zen eta bera da gaur egun akzio gehienen jabe. Baina Etxalar bertatik 54 herrialdetan saltzera ailegatu gara.
Jubilatu zinenetik etxe inguruan?
Bai, 64-65 urterekin jubilatu nintzen eta geroztik etxe inguruan. Gauza bat ez bada bertze, beti bada zerbait egiteko.
«Nahiz eta ez naizen titularra, oraindik ere uso sasoia bizi dut»
Tarte horretan, Usategietan ere ibili zara 55 urtez...
Bai, 15 urterekin hasi nintzen eta sos batzuk ateratzen genituen. Usategietan aritzen zen gizon batek bat falta zutela aipatu zion attari. Attak 'joan beharko duk' erran zidan eta hantxe joan nintzen. Ezaguna genuen ingurua, etxetik pare bat kilometrotara dugu eta haurretan ere beti Usategietan ibiltzen ginen, eta etxean ere solasbidea izaten zen; atatxi eta atta ez ziren inoiz titular izan, baina beti han ibiltzen ziren. Eta hola pasatu nituen 55 urte, 2020an utzi nuen arte. Oraindik ere joaten naiz, istorio batzuk kontatu, usoak ukitu, pixka bat ibili... Nahiz eta ez naizen titularra, sasoia bizi dugu eta guretzat plazer handia da Usategietara joatea. Baina horretarako ondokoek segitu behar dute.
«Usategietan 55 urte egin ditut usazale, hutsik egin gabe»
Eta etxean baduzu segida?
Seme zaharrena ibiltzen da eta gazteena ere aritu izan da. Ttikiak ere heldu dira gibeletik. Guk zaharrengandik adituta ikasi genuen eta eurek ere solasak aditzen dituzte, uso denboran solasbide izaten da...
55 urtez ez omen zenuen urte batean ere hutsik egin Usategietan...
Ez, ez, beti han. Galtzerdi fabrikan aritzen nintzenean, lagunei esker moldatzen nintzen. Urriaren lehenean hasi eta azaroaren 20ra arte, 50 egun izaten dira. Egun batzuetan denbora txarra baldin bazen, lehenagotik bueltatzen ginen, baina bertzela hantxe.
Omenaldiak ere egin izan dizkizute...
Bai, Usategietako lagunek 2020an egin zidaten, utzi nuenean, eta saratarrek ere egin izan didate. Saratarrekin beti harreman ona izan dugu eta eskerrak haiei. Gure aitzinean dira, tradizioak ez dituzte aisa uzten, eta inguruaz ere gehiago arduratzen dira.
Ezagutu duzun sasoirik hoberena noiz izan zen?
Ni ibili naizen urteetan, 1970ekoa izan zen hoberena. Etxalarren 346 dozena harrapatu genituen, lau mila usotik goiti.
Eta txarrena?
2021ean, ehun uso bertzerik ez. Azken lau urteak hagitz txarrak izan dira.
«Lehen ehiza gosea kentzeko egiten zen, eta orain plazerarendako»
700 urte baino gehiago ditu sare bidez ehizatzeko teknikak, baina arriskuan omen da...
Bai, poliki-poliki galtzen ari da. Lehen ehiza gosea kentzeko egiten zen, eta orain plazerarendako egiten da. Lehen jendea biltzen ginen, baina orain alde guzietatik problemak ditugu. Sare bidezko ehiza taldeko lana da eta hamabi lagun behar dira, hori nahitaezkoa da. Jendea falta da, eta alde batetik, ez du interes handirik, han egon egin behar delako, usoek ez baitute noiz heldu diren abisatzen. Eta bertzetik, jendeak ikasteko modurik ez du. Lanpostuetan hagitz baldintzatua da jendea eta ofizio honetan ariz ikasten da. Eta ez da hori bakarrik. Azkeneko urteetan ez da lehenago bezala heldu usoa. Gu hasi ginenean, denbora arrunt txarra ez bazen, bazenuen egunero pixka bat ikasteko bidea eta hala ikasi genuen. Baina gaur den egunean gero eta zailagoa da usoak harrapatzea.
Zer pasatzen ari da?
Etortzen direnean izugarrizko altueran etortzen dira, denak batean, edo itsaso aldetik... Nik uste merezi dugun saria dugula. Sobera ongi egoteak jendea galtzen duela erraten zuen lehenago zahar batek, eta egia da. Sare bidezko ehizaren jarduera hau ere, puska batean, horregatik galdu da. Azken 30 urteotan jendeak izigarri goiti egin du, lantegiak, jornalak, kotxeak... Kartutxoak ere sobran, eta parean ikusiz gero, tiro. Guk izutu ditugu. Usoek ere bizia estimatzen dute eta espabilatu egin dira. Sarako zahar batek honela erraten zuen: «Usoa kontrabandista bezala duk. Ez dik lanik egin nahi, trankil-trankil ederki pausatu nahi dik. Eta Lizarieta trankil bada handik pasatuko duk, tokirik apalenetatik. Baina guardia zibilak ateratzen badituk, hurrengoan goitixeago joanen duk, eta hurrengoan goitixeago, hurrengo batean bertze toki batetik pasatuko duk...». Adibide hori paratzen zuen eta nik ere aunitzetan erraten dut. Horrekin lotuta, datu bat ere erranen dizut. Lehen, Hego eta Ipar Euskal Herrian sare bidez hamar tokitan ehizatzen genuen, gehienak Iparraldean. Ba orain, hamar izatetik, zortzi izatera pasatu gara. Harrapatutako uso kopurua ere arrunt ttikitzen ari da. 1971n, denon artean, 31.000 uso harrapatu genituen, eta orain 2.000 denon artean. Tradizio honi kontu nahi badiogu, zerbait egin beharko dugu. Ez bada laguntzarik, ez dakit zenbat iraunen duen.
2022an Etxalarko Usazaleen Elkartea sortu zuten Usategietan egiten den lana aitortzeko. Zer iruditzen zaizu?
Ongi, zerbait egin behar da, bai jende aldetik, bai sos aldetik. Elkarte horrek ere eskatu izan du laguntza tradizio honek bizirik segitzeko. Usategien nagusi den Gazteluk ere badu interesa tradizioak segi dezan eta bere ekarpena egiten du.
Emakumerik bada tartean?
Bai, bai. Angela Irisarri ibilia da behin baino gehiagotan eta gaur egun Jasone Mitxeltorenak eramaten du martxa. Norbaitek gestionatu behar du, hori ere inportantea da.
Usategietako Igandea, Usategietako Tradizioaren Besta... Halako egunak ere egiten dituzue...
Bai, eta bisita gidatuak ere bai. Horiek ere laguntzen dute. Poliki-poliki erakusten ari gara eta aitzinera segitzeko klabeak dira.
«Gure tradizioa ezagutzera emateko bideak beti izan dira eta beharrezkoak dira. Alde horretatik kanpotik herritik baino laguntza gehiago hartu dugu»
Etxalarko Usategiei buruzko Abata dokumentalean ere parte hartu duzu. Protagonistetako bat zu zara. Nolako esperientzia izan da?
Polita. Gure tradizio hau ezagutzera emateko bideak beti izan dira eta beharrezkoak dira. Egia erran, alde horretatik kanpotik herritik baino laguntza gehiago hartu dugu. Herrian bertan hagitz nahasiak gaude kontu honekin, eztabaidak izaten ditugu eta izanen dira. Dugun ondarea ez dugu zaintzen...
2018an CPAL elkartearekin lanean hasi zineten... Kontatuko zenuke?
Bai, ekologistekin usazaleak ongi moldatzen gara, harreman ona dugu. Elkarte horrek txolomak erosten ditu, eraztuna paratzen diete eta libre uzten dituzte aztertzeko. Egun guzia hor pasatzen dute, prismatikoekin, eta guretzat lagungarri dira.
Eskopetekin ehizan ibiltzen direnekin zer harreman duzue?
Bi ehiza klase arrunt diferenteak dira eta moldatzen gara denak herritarrak garelako, baina berez, bi moduek ez dute ongi elkar hartzen. Beti izan dira eztabaidak, lehenagotik ere bai, bai hemen, bai bertze usategietan.
«Sare bidezko ehiza balio handiko altxorra da»
Herritarrei zer erranen zenieke?
Sare bidez ehizatzeko sistema hau gure tradizioa dela, gure ondarea, eta hala izaten segitzea desio dudala. Altxor bat da, balio handia duena, eta guk ez badugu gurea baloratzen, nork eginen du?