Bortzirietako Udalekuetan izena emateko bigarren epea ireki dute

Ttipi-Ttapa 2025ko eka. 13a, 18:00

Bortzirietako Udalekuetan izen emateko epea maiatzaren 31n itxi zen, baina aurten bigarren izen emate epe bat irekiko da, ekainaren 16tik 19ra bitartean. Oraingoan telefonoz egin behar da izen ematea, lehenik ikusi behar baita interesatuak nahi duen herrian eta asteetan tokirik baduen. Zenbaki honetara deitu behar da, ekainaren 16-19 bitartean, 9:00etatik 11:00ak arte: 650 75 84 54

Bigarren izen emate aldi hau aurtengo berrikuntzetako bat da, ikusita aitzineko urteetan lehen epea akabatu ondotik familia aunitzek deitzen zutela interesa agertuz. Hortaz, oraingoan hasierako izen emateekin haur taldeak eta begirale ekipoa antolatu ondotik, soberan gelditu diren plazak eskainiz bigarren izen emate epea ireki du mankomunitateak. Hortik aitzinera ez da izen ematerik eta aldaketarik onartuko.

Aurtengo udalekuetan herri guzietan bi ordutegi izanen dira aukeran: 09:00etatik 13:00etara edo 10:00etatik 13:00etara. Ordutegia izena emateko momentuan aukeratu beharko da eta horren arabera, prezioa ere aldatuko da.

Bertzetik, matrikuletan deskontu sistema aldatu dute: Deskontuak Bortzirietan erroldatuak dauden haurrei bakarrik aplikatuko dizkiete. % 20 deskontua izanen dute guraso bakarreko familiek, familia ugariek edota bi anai-arreba edo gehiago apuntatzen dituztenek; eta % 50eko deskontua izanen dute egoera ekonomiko zaurgarrian daudela egiaztatzen duten familiek. Deskontuak ezin izanen dira pilatu. Ordainketa izena emateko momentuan egin beharko da, txartelarekin, eta epea bukatuta ezin izanen da apuntatu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun