'Elkartasuna eraikitzen' proiektuan bat egin dute Lesakako Irain eskolako ikasleek eta Andra Mari Zahar Etxeko egoiliarrek

Ttipi-Ttapa 2025ko eka. 15a, 09:00

Joan den ortziralean, ekainak 7, bukatu zen Elkartasuna Eraikitzen proiektua, Lesakako Irain Herri Eskolako 5. mailako ikasleek eta Lesakako Andra Mari Zahar Etxeko egoiliarrek elkar lanean osatutako proiektua.

Ikasturte osoan, hilabeteko maiztasunarekin gutti goiti-beheiti, hainbat jarduera gauzatu dituzte, enpatiazko jarrerak bultzatzea, konfiantzazko ingurune bateko kide izatea eta elkartasun eta lankidetzan oinarritutako talde lana sustatzea helburu zutenak.

Horrela, proiektuari hasiera emateko, ikasleek Elkarrizan boluntario taldeak emandako hitzaldia aditu zuten eskolan. Hurrengo hilabeteetan, eskulanak, mahai jokoak, mozorro tailerrak, eguberrietako kantaldia… burutu zituzten elkarrekin ikasle zein egoiliarrek. Era berean, Andra Mariko kideak eguberrietako eta inauterietako jaialdietara hurbildu ziren, Irain eskolako ikasleen emanaldiak ikustera.

Ekainaren 7an, aurtengoz proiektuari bukaera emateko, ibilaldi ttiki bat egin zuten herriko karriketan barna eta ondotik giro ederrean hamaiketako goxo bat partekatzeko aukera eduki zuten.

Elkartasuna eraikitzen proiektuak jarraipena izanen du 2025-26 ikasturtean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!