Nor da Irati?
Irati neska alaia da, saiatua, egiten duena gogotsu egiten duena, bere familia aunitz maite duena eta lagunekin gustura ibiltzen dena.
Zein afizio dituzu?
Aunitz: pintatzea, dantzatzea, kozinatzea, kantatzea, ikastea…
Ama igantziarra, aita perutarra eta zu Beran sortua zara. Zerekin konektatzen duzu gehien?
Gehien bat Berarekin, hemen hazi naizelako, baina egia erran aitaren kulturarekin eta bertako familiarekin ere harreman polita dut. Hagitz maitea dut hura, baina egunerokotasuna hemen egiten dut.
Noiz hasi zinen dantza ikasten?
Sei urterekin. 11 urte nituela utzi nuen, eta berriz hasi nintzen duela urte batzuk. Geroztik topera nabil.
Zein modalitate egiten duzu?
Sei urterekin balletean hasi nintzen, eta orain ere balleta egiten dut. Azken urtean dantza garaikidea probatu dut eta orain hori ere egiten dut. Hip hopa ere probatua dut, baina batez ere balletean aritzen naiz eta hori gustatzen zait gehien.
Astean zenbat ordu ematen dituzu dantzatzen?
Lau bat orduz egiten dut balleta, eta bertze ordu batez dantza garaikidea. Ongi moldatzen naiz, eta eroso sentitzen naiz.
Zer sentitzen duzu dantzatzean?
Aunitz deskonektatzen dut. Klasera joaten naizenean hagitz gustura sentitzen naiz bertako lagunekin, eta dantzatzean denaz ahazten naiz eta aunitz disfrutatzen dut.
Berriki txapelketa bat irabazi duzu Kantabrian. Nola sentitu zara?
Hagitz kontent. Hagitz gustura gelditu nintzen egindako lanarekin, saiatu nintzelako eta nire dena eman nuelako. Baina lehen urtea izanda ez nuen emaitza espero eta hagitz kontent nago.
Berriz ere lehiatzeko gogotsu zaude?
Bai! Heldu den urtean berriz itzuliko naiz eta bertze lehia batzuetara ere joanen naiz.
Zein helburu duzu epe motzera?
Osasunarekin zerikusia duen zerbait ikasi nahiko nuke eta gustatuko litzaidake dantza beti presente egotea.
Eta epe luzera non ikusten duzu zeure burua?
Hiri handi batean. Ikasketak eta denbora bat hemendik kanpo egin nahiko nituzke, baina gero, berriz, hona itzultzeko.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!