Paquita Bretos Andueza Pirinioetan iheslariak igarotzen zituen euskal mugalarietako bat izan zen. Pasaian sortu zen, Donostiatik hurbil. Amak denboraldi bat eman zuen Ondarretako kartzelan eta aita frankisten fusilamendu pelotoi batek hil zuen. Bretosek hamalau urte zituenetik jardun zuen Nafarroako ihes lerroetan ezkutuko erresistentzia eta iheserako ibilbideak antolatzen faxismoari mugaren bi aldeetan aurre egiteko. Iaz hil zen 96 urte zituela.
Aurtengo ekitaldiak bihar, ortziralea, hasi eta igandera arte luzatuko dira. Ortziralean Hernanin ekitaldia eginen dute Bigarren Mundu Gerrako euskal mendi gidarien omenezko monumentuan, herriko jendearekin, sareetako aktibisten ondorengoekin eta Hernaniko Udalarekin batera.
Larunbatean, Aldudera (Nafarroa Beherea) joanen dira autobusez. Gero mugaraino oinez joanen dira eta omenaldia eginen diote Paquita Bretosi. Handik Eugira joanen dira Urkiagako errepidean barna. Ibilbidean omenaldiak eginen zaizkie ihes lerro guztietan inplikatutako pertsonei.
Igandean izanen dute egun handia, eta aurtengoan oinezko txangoa egin beharrean autobusez mugituko dira batetik bertzera. Donibane Lohizunen hasiko dute ibilbidea eta handik Urruñara lehenik eta gero Sarara joanen dira. Saran iaz omendu zuten Maddi mugalariaren monumentuan geldialdia eginen dute. Gero Berako bidea hartuko dute eta Berako Udalak harrera instituzionala eginen die Herriko Etxeko Plazan, 11:30ean. Handik Endarlatsara joanen dira eta, eguna borobiltzeko, Oiartzungo herriari omenaldia eginen diote.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!