Bortzirietako Lasterketa Herrikoien Koparen bigarren edizioa antolatu dute

Ttipi-Ttapa 2025ko eka. 12a, 16:00

Kopa osatzen duten probetako antolatzaileak: Juan Luis Irazoki (Alkaiaga), Haitz Telletxea (Manttale), Argiñe Ordoki (Beti Gazte), Joseba Lasarte (Gure Txokoa), Batista Telletxea (Manttale) eta Iñaki Pikabea (Agerra).

Iazko lehen edizioaren ondotik, Bortzirietako Lasterketa Herrikoien Koparen bigarren edizioa antolatu dute. Iazko lau lasterketei bertze bat gehituko zaie, Lesakako Zubigaineko Krosa, eta bortz izanen dira proba osatuko duten lasterketak: Lesakako Zubigaineko Krosa, Alkaiaga Trail, Berako Gau Krosa, Agerrako Krosa eta Lizuniagako Igoera. 

Beti Gazte, Gure Txokoa, Alkaiaga jai batzordea, Agerra Mendi Taldea eta Manttale Berako Mendi Lasterketa Taldeak antolatu dute.

Bortzirietako Lasterketa Herrikoien Kopak banakako sailkapen orokorra izanen du proba bakoitzaren bukaeran eta parte hartzaile bakoitzari puntuak gehituko zaizkio sailkapen horretan. Banakako sailkapenean parte hartzeko lau probetan parte hartu beharko da. Horrez gain, kuadrillen sailkapena ere egonen da. Kuadrilla horiek gizonezkoenak, emakumezkoenak eta mistoak izan daitezke.

Kuadrillaka parte hartu nahi dutenek, lasterketa bakoitzaren izen ematean zehaztu beharko dute kuadrillaren izena. Gainera, puntuak lortzeko, guttienez kuadrillako hiruk parte hartu beharko dute, eta kontuan hartuko dira kuadrilla bakoitzeko lehen hiru sailkatuak. Kuadrilla bakoitzak gutxienez lau lasterketetan parte hartu beharko du. 

Koparen bukaeran, Lizuniagako Igoeraren ondotik saria banatuko dituzte kategoria bakoitzeko lehen sailkatuentzako eta kuadrilla irabazleentzako.

Proben datak

Ekainaren 21ean hasiko da kopa eta bortz lasterketa izanen ditu. Ekainaren 21ean eginen dute Zubigaineko Krosa Lesakan, uztailaren 26an eginen dute bigarren proba, Alkaiaga Trail; abuztuaren 1ean Berako Gau Krosa; abuztuaren 30ean Agerrako Krosa eta urriaren 25ean Lizuniagako Igoera. Gau Krosa ez bertze proba denetan 16 urtetik beherakoentzako lasterketak izanen dira. 

Zubigaineko Krosa lehendabizikoa

Zubigaineko Kros Herrikoia izanen da kopako lehen proba. Beti Gaztek antolatu du eta, ekainaren 21ean, larunbatean, 11:00etatik aitzinera jokatuko da. Izen-ematea irekia dago www.kronoak.com webgunean  eta 16 urte baino gehiago dituztenek euro ordaindu beharko dituzte. Hala ere, egunean bertan izena eman daiteke 10:00etatik aitzinera Arretxeko Plazan.

Maila absolutuko eta gazte mailako korrikalariek 6 kilometro egin beharko dituzte. Horrez gain, txikien (200 metro; 2021etik aitzinera jaiotakoak), benjaminaurrekoen (300 metro; 2018-2020), benjaminen (450 metro; 2016-2017), kimuen (900 metro; 2014-2015) eta juniorren (3 kilometro; 2020-2013) lasterketak eginen dira.

Irabazleak 100 euro eta garaikur bat jasoko ditu, gazteen sailkapeneko irabazleak domina eta 70 euroko bonua, juniorrek domina eta 60 euroko bonua, eta haur guztiek (txikietatik kimuetara) domina bana.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!