Ekainaren 13an hasi eta 15ean bukatuko dira Haurraren egunari lotutako ospakizunak Etxalarren. Ekainaren 13an, ortziralean, 10:30ean Landagain eskolako ateak zabalduko dituzte, eta herritar guztiei bertaratzeko deia egiten zaie. Ikasle bakoitzak liburu bat hartuko du Guraso Elkarteak eta Altxatak egindako ekarpenari esker.
Aurtengo berrikuntza hau da: ikasleek eskolan landutakoa herrira zabalduko dutela. Hala, ortziralean eskolara hurbildu ezin duenak, igandean, goizean, 11:00etatik 13:30era eta arratsaldean 15:30etik 17:30era Pello Apezetxea Kultur Etxean ‘Etxalar lehen, orain eta gero’ proiektua ikusteko aukera izanen du. Erakusketa asteazkenera arte egonen da ikusgai kultur etxean.
Landagain Guraso Elkarteak antolatuta, igandean ere izanen da zer gozatua. 11:30ean patinajea izanen dute ArteDren eskutik. 13:30ean izanen da haurren bazkaria eta segidan, 14:00etan helduena. 15:30ean batudaka izanen da, ondotik merienda eta eguna bukatzeko jokoak.