Transpirenaica Social Solidaria ekimenari harrera eginen diote larunbatean Beran

Ttipi-Ttapa 2025ko eka. 11a, 16:00

Transpirenaica Social Solidaria ekimeneko parte hartzaileak iaz Beran.

Bertze urte batez harrera eginen diote larunbatean Beran Transpirenaica Social Solidaria gizarte ekimenari. Gizarte bazterkeria arriskuan dauden gazteak gizarteratzeko proiektua da eta Pirinioak gurutzatuko dituzte.

Ortzegunean hasiko dute ekimena Getxon. Bertan, Kantauri itsasoko ura hartuko dute sinbolo gisa Mediterraneoraino eramateko. Handik, Hondarribira joanen dira autobusean eta han Higerretik Hondarribirako tartea eginen dute. Ortziralean Hondarribian eginen dute lo, eta larunbat goizean Behobian hasiko dute etapa eta Bide Berdean barna ailegatuko dira Berara.  

Beran udalak harrera eginen die 16:30ean Kultur Etxean. Bertan hartuko dute atseden eta igande goizean 07:30ean GR11 bideari segituta Lekaroz aldera abiatuko dira. Berako Udalak herritarrak eta batez ere herriko gazteak animatu ditu ekimena laguntzeko eta etapan parte hartzeko. 

Dena ongi joanda, uztailaren 15ean bukatuko dute zeharkaldia Katalunian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun