Bestak 2025

'Indarkeria matxistak besta guneetan' saioak eginen dituzte Lesakan eta Igantzin

Ttipi-Ttapa 2025ko eka. 11a, 10:00

2024ko Berako puntu morea.

Ortzirale arratsaldean Lesakako Koskontako Bideko udal aretoan eginen dute eta larunbat goizean Igantziko liburutegian.

«Sentsibilizazio eta prestakuntza saioak» izanen dira eta gaian aditua den Miren Orozko profesionalak gidatuko ditu. Joan den asteburuan Etxalarren eta Arantzan egindakoen ondotik, ortzirale honetan Lesakan eta larunbatean Igantzin eginen dituzte eta azkena Beran izanen da ekainaren 20an.

Indarkeria matxistak besta guneetan izenburupean, Bortzirietako Berdintasun Zerbitzuak antolatu ditu saioak eta jakinarazi duenez, Miren Orozkok «funtsezko ezagutzak» emanen dizkie parte hartzaileei: «Indarkeria matxistei eta sexualei buruz, alkoholaren eta bertze substantzia batzuen inpaktuari buruz, eta kasu horietan identifikazioa eta esku hartze zuzena oztopatzen dituzten mitoak eta estereotipoak desmuntatuko ditu». Gisa berean, parte hartzaileen kezkei eta zalantzei erantzunen die eta dauden baliabideen inguruko informazioa ere emanen du.

  • Lesakan, ekainaren 13an, ortziralean, 18:00etan egin dute hitzordua, Koskontako bidea 7, 2 udal aretoan.
  • Igantzin, ekainaren 14an, larunbatean, 10:30ean elkartuko dira liburutegian.
  • Beran, ekainaren 20an, ortziralean, 18:00etan Beralandetan eginen dute.

Ordu bat eta erdiko iraupena izanen du saio bakoitzak eta Berdintasun Zerbitzuak «Bortzirietako herritar guziei» egin die saioetan parte hartzeko deia: «Denon artean, besta giro seguruak eta indarkeriarik gabekoak eraiki ditzakegu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun