Bortzirietako helduen emakumezko futbol talde bateratua sortzeko aukera aztertuko dute gaur Beti Gaztek eta Gure Txokoak

Ttipi-Ttapa 2025ko eka. 10a, 08:00

Gure Txokoa eta Beti Gazteko neska gazteen derbia Berako Matzadan, 2022an.

Bi elkarteek ekainaren 10ean, asteartean 18:00etan Berako Iamotenean eginen den bilera batera deitu dituzte jokalariak eta gurasoak.

Lesakako Beti Gazteko eta Berako Gure Txokoako zuzendaritza batzordeek bilera ireki bat deitu dute ekainaren 10ean, asteartean 18:00etan, Berako Iamotenean, Gure Txokoa elkartearen egoitzan. Bileraren arrazoia, Bortzirietako helduen emakumezko futbol taldea sortzeko aukera aztertzea da eta 2009an edo lehenago sortutako emakumezko jokalariei, hau da, hamasei urtetik goitikoei, eta gurasoei zuzendua da.

Gure Txokoa eta Beti Gazteko Zuzendaritza Batzordeek gaurko bilerara joatera animatu nahi dituzte emakume futbolariak eta «batu gaitezen emakume futbol taldeak mantentzeko».

Gogoratu behar da 1990eko hamarkadan aritu zela emakumezkoen Bortziriak futbol taldea. Ondotik, XX. mende bukaeran Gure Txokoak izan zuen emakume helduen futbol taldea eta azken urteetan Beti Gazteko emakumeek Gipuzkoako Ohorezko mailan jokatu dute. Aurten, bortz herrietako jokalariekin batera, Oiartzun aldekoak ere behar izan dituzte taldea osatu ahal izateko. Azken aurrekoak izan dira ligan eta, berez, Gipuzkoako Gorengoen mailara jautsi dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun