Beti Gazteko neska gaztetxoek dobletea lortu dute Faltzesen

Ttipi-Ttapa 2025ko eka. 9a, 08:00

Beti Gazteko neska kadete-infantilen taldea kontent igandean Faltzesen, kopako garaikurra eskuratu ondotik.

Igande eguerdian Nafarroako kopako finalean 2-0 irabazi zieten Mutilverari eta Nafarroako liga eta kopa irabazi dute denboraldi honetan

Beti Gazteko neska kadete-infantilen futbol taldeak hitzordu garrantzitsua zuen igande eguerdian Faltzesko San Esteban futbol zelaian. Nafarroako Kopako finala jokatu zuen Mutilvera taldearen kontra eta 2-0 irabaztea lortu zuen, Olaia Etxarte eta Alazne Altxu igantziarrek bigarren zatian lortutako golekin. Kopa irabazita, doblete historikoa lortu du Lesakako taldeak, ligako txapeldun ere izan baita.

Denboraldi bikaina egin du, beraz, Gotzon Arenas bizkaitar aranztarrak entrenatzen duen Beti Gazteko neska kadete-infantilen taldeak. Lehenengo fasean bi partida bakarrik galdu zituen eta bigarren izan zen, Baztanen gibeletik. Txapeldunen faseko hamalau partidetatik bakarra galdu (kopako finalean arerio izan duen Mutilvera taldearen aurka, hain zuzen) eta bertze hamairuak irabazi zituen. Nagusitasun horrekin irabazi zuen liga: zazpi puntuko aldea atera zion bigarren izan zen Baztani eta 17 puntuko aldea hirugarren izan zen Mutilverari.

Kopan, berriz, final laurdenetako kanporaketa 4-0 irabazi zion Beti Gaztek UCD Burlades taldeari Mastegin. Finalerdietako zozketak Beti Gazteren eta Baztanen arteko norgehiagoka ekarri zuen, ligako lehena eta bigarrena, Elizondoko Giltxaurdin. Arauzko denbora banako berdinketarekin bukatu ondotik, penaltietan gailendu ziren lesakarrak. Mutilverak ere penaltiak behar izan zituen CD Mendaves taldea menperatzeko finalerdietan. Orain, kopako txapeldun ere suertatu da Beti Gazteko neska gaztetxoen taldea.

 

BETI GAZTE: NESKA KADETE-INFANTILAK

NAFARROAKO LIGAKO ETA KOPAKO TXAPELDUN

  • Alazne ALTXU MITXELENA / IGANTZI
  • Jare ARBURUA ITURRIA / ETXALAR
  • Haizea ARENAS ETXEBERRIA / ARANTZA
  • Olaia ETXARTE ETXEBERRIA / IGANTZI
  • Enara FERNANDEZ GUTIERREZ / IGANTZI
  • Miren IANTZI CHARLES / LESAKA
  • Alaitz LEKUONA SAN JUAN / LESAKA
  • Katixa L.DOS SANTOS SUSPERREGI / LESAKA
  • Naroa MUTUBERRIA PAGOLA / ARANTZA
  • Oneka OLAIZOLA MENDEGIA / LESAKA
  • Eila OSKOZ ANZIZAR / LESAKA
  • Iraia PETRIKORENA HUITZI / IGANTZI
  • Arhane SILVEIRA ARRIETA / LESAKA
  • Intza UGALDE PIKABEA / ARANTZA
  • Aiala ZILUAGA ITURRIA / ARANTZA

Entrenatzailea: 

  • Gotzon Mirena ARENAS SALAZAR / ARANTZA

Lagguntzailea:

  • Mayi ARRIOLA AGIRRETXE / LESAKA

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun