«Mugikor propioa 16 urtera arte ez emateak onura aunitz ditu»

Ttipi-Ttapa 2025ko eka. 8a, 08:00

Lesakako guraso batzuk 'Mugikorrik gabe hobe' kartela futbol zelaiko atean paratzen. Taldea irekia da eta harremanetan jartzeko 'gottiburuabortziriak@gmail.com'-era eskribitu.

GOTTI BURUA BORTZIRIAK, mugikorraren erabilera egokiaren aldeko guraso taldea

Joan den udazkenean sortu zuten taldea eta bortz herrietako gurasoak biltzen dira. Berriki zerbitzuetan pegatinak paratu dituzte eta toki publikoetan eta itxarongeletan kartelak.

Sakelako telefonoek haurren eta nerabeen artean izaten ahal dituzten ondorioen inguruko kezka zabaltzen ari da. Eta horri erantzuteko gurasoen mugimenduak ere bai. Bortzirietako gurasoek sortu duten Gotti Burua Bortziriak taldea ere horretan ari da. 2024ko udazkenean hasi ziren biltzen, Lesakako Hezkuntza Foroak mugikorraren erabilera goiztiarra hizpide hartuta, Miren Ros, Maitane Ormazabal eta Telmo Lazkano adituekin solasaldiak antolatu ondotik. Geroztik, Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearekin elkarlanean, taldea sortu eta lanean ari dira. Bortz herrietako gurasoak bildu dira eta euren helburuetako bat mugikorra izateko adina 16 urtera arte gibelatzea da, baita «erabilera osasuntsua, arduratsua eta seguruagoa egitea» ere.

Bortzirietako nerabeek zer harreman dute mugikorrekin? 

12 urtetik aitzinera, aunitzek eskura dute mugikorra, eta institutura joaterakoan ematea ohikoa da. Mugikorra bideoak ikusteko eta argitaratzeko –bereziki Instagramen–, eta batez ere harremanak izateko erabiltzen dute. Horrekin batera, aipatu izan dugu gurasoon deiak hartzea aunitz kostatzen zaiela eta susmoa dugu ez ote den moda edo erronka bat. Seme-alabekin komunikatzeko bide azkarrena Whatsappa da, mezu horiek segidan erantzuten dituztelako. Mugikor propioa emanda, seme-alabengandik urrutiratu direla sentitzen dute guraso aunitzek.

Horretaz gain, mugikor propioa izateak taldeko kide sentiarazten ditu, eta nerabezaroan taldeko partaide izateak eta berdinekin identifikatua sentitzeak garrantzi handia du. Gehiago ere bai. Dena grabatu edo argazkia atera behar horrekin momentua bizitzeko magia galtzen dute, eta publikatutako edukiek sortzen dituzten arriskuak hor daude. Gurasoon artean aditu dugun bertze kontua «mugikor propioa emateko beharra» izan da. Horren inguruan hausnartzen aritu gara, beharrez eta nahiez edo desioez. Adibidez, beharra izaten ahal da nerabezaroan berdinen taldeko parte izatea, garapen osasuntsua bideratzen duelako, eta nahia izaten ahal da lagunei oraintxe bertan bideo bat partekatzea. Horrek ez du bizirauteko oinarrizko beharrik asetzen.

Zein dira zuen ustez arriskuak? 

Mugikorrarekin informazio eta eduki aunitz eskura dituzte, arlo pribatua kaltetzen die, harremanak izateko moduan eragina du, txutxu-mutxuak aisa zabaltzen dira, online bullying egiteko arriskua, adiktiboa da... 

«Erabilera egokia egiteko bidea denok egin behar genuke, helduongandik hasita»
Sakelakoaren erabilera egokiak nolakoa izan behar luke? 

Erabilera egokia egiteko bidea denok egin behar genuke, helduongandik hasita. Erabilera espaziora eta momentura egokitzen hasi behar genuke, jendearekin gaudenean jende aitzineko harremana lehenetsiz, jakinarazpenak kenduz edo isilaraziz eta soinuarekin deiak bakarrik utziz, otorduak mugikorrik gabe eginez, kotxean ahozko jolasak edo solasaldiak lehenetsiz, arratsetan mugikorra logeletan ez sartuz... Etxean mugikor guziak uzteko tokia adostu eta denok erabilera mugatu eta gailua alde batera utzi beharko genuke, eta erabilera kontratuak familian egin. Mugikorra emateko adina gibelatzeko adostasunak lortzea inportantea da, eta astean egun batean, familian, pantailarik gabe disfrutatzea ere bai. Zaintzaile digitalaren erabilera saihestu edo bederen ez genuke lehenetsi behar, eta gurasook material alternatiboa eskura beharko genuke, itxarongeletarako, jatetxeetarako... Denbora mugatzea ere garrantzitsua da. 

Zuen helburuetako bat mugikorra izateko adina 16 urtera arte gibelatzea da. Egingarria ikusten duzue? 

Epe ertain-luzera, bai. Horretarako, etengabeko kontzientziazioa beharrezkoa da.

«Gurasoen eragina 12 urtera arte nabarmenagoa denez, adin horretara arte landu beharko genituzke gurasoen arteko aliantzak eta familietan kontzientziazio eta heziketa lana egin»

«Erabilera osasuntsua, arduratsua eta seguruagoa egitea» da bertze helburuetako bat. Nola lortzen da? 

Hasteko, erran bezala, gurasoak eredugarri izanez. Izarkom kooperatibak prestatutako gida ere lagungarria da eta bertze gurasoekin saretzea ere bai. Haurrak handitu ahala, gurasoen arteko harremanak hoztu egiten dira, haurrak bakarrik ibiltzen direlako. Bertze gurasoengandik urrutiratzeak talde indarra ahuldu eta adostasunak lortzea zailtzen du. Adibidez, adin ttikiagoa dutenean, gurasoon artean adostuta, litxarreriaren asteguneko kontsumoa murriztea lortu dela aipatu izan dugu. Aldiz, mugikorraren erabileraz edo nerabezaroan izaten ahal diren bertze gaiak gurasoen artean adostea zailagoa da.

Gurasoen eragina 12 urtera arte nabarmenagoa denez, adin horretara arte landu beharko genituzke gurasoen arteko aliantzak eta familietan kontzientziazio eta heziketa lana egin. Badira guraso aunitz gaiarekin arduratuak gaudenak, gero eta gehiago. Baina ez denak. Horregatik kontzientziazioa beharrezkoa da. Guraso gazteek mugikorraren erabilera normalizatuagoa dute eta gonbita berezia egin nahi genieke horiei.

Helduok eredugarri izan beharko genukeela errepikatzen ari zarete... 

Bai. Lan handia dugu gure gain. Arazoa guk dugu eta abiapuntua izan behar dugu. Tresnak erabilera aunitz dituenez, espazio eta momentu aunitz hartzen ditu eta deskonektatzea kostatzen zaigu. Konparazio batera, etxean ilunabar batean laneko e-mail bat leitzera eramaten ahal gaitu; solasaldietan eskura dugu eta kontsultak egiteko joera dugu; jatorduetan mahai gainean edukitzen dugu... Eskura izateak arreta bereganatzen du eta adibidez, aspaldi elkartu gabeko lagunekin elkarren kontuez solastatu beharrean, sare sozialetako edo Interneteko edukiez mintzatzera pasatzen gara, harremana hoztuz. Mugikorrak bakartzeko gaitasuna du, pantailaren bitartez munduan barna nabigatzera eramaten gaitu, ondokoari begiratu edo aditu gabe, edo ezagutzeko aukerarik eman gabe. 

Bortzirietako hainbat zerbitzutan 'Gure telefonoa erabil dezakezu' dioten pegatinak paratu dituzte. Argazkian, Lesakako guraso batzuk.

Gotti Buruak zer bide egin du? 

Miren Ros, Maitane Ormazabal eta Telmo Lazkanoren solasaldien ondotik, Bortziriak mailan mugimendua antolatzeko beharra ikusi genuen. Herritarren mugimendua da, dinamikoa eta irekia. Geroztik logoa sortu dugu, eta lehenbiziko emaitzak kartelak eta pegatinak izan dira. Pegatinak herrietako zerbitzuetan paratu ditugu, eta pegatina duten tokietatik haurrek eta nerabeek etxekoei deitzen ahal diete. Kartelak, berriz, mugikorraren erabilera ez lehenesteko gonbita eginez, itxarongeletan, osasun etxeetan, liburutegietan, frontoi inguruan... paratu ditugu. Urte hondarrean gurasoen artean galdetegi bat ere egin genuen eta bertze gurasoekin saretzen hasiak gara.

'Gure telefonoa erabil dezakezu' pegatina. Pegatina horiek dituzten zerbitzuetatik etxekoei deitzen ahal diete gaztetxoek.

Zer harrera izan zuen galdetegiak? 

Harrera ona izan bazuen ere, datuak ez ziren hagitz adierazgarriak izan, bertzeak bertze, seme-alabak nerabeen adinean dituztenen erantzun kopurua ttikia izan zelako. Taldea hasi berria da, oraindik arrotza, eta jende tartean murgiltzeko lehenbiziko saiakera izan zen. 

Zer ondorio atera zenituzten? 

Bertzeak bertze, mugikorraren erabileraren ondorioz sufrimendua izan denetan, gurasoek ez dutela jakin hori bideratzen edo laguntzen, edo gaiak, batez ere, 8 eta 12 urte arteko haurren gurasoak kezkatzen dituela. 

Zer egiten ahal dute ikastetxeek? Eta administrazioak? 

Denok dugu zer egina eta zer hobetua. Gu, ordea, gurasoak gara eta familian egiten ahal duguna indartzera bideratuko ditugu indarrak. Bakoitzak berean eginez eta denak norabide bera irudikatuz, aisago ailegatuko gara erabilera osasuntsua eta arduratsua lortzera. 

«Mugikorra emateko adina 16 urtera arte gibelatzen ahal da eta ez da jarrera drastikorik hartu beharrik horretarako»

Gurasoei bertze zerbait erran nahi diezue? 

Arduraren zati ederra gurea dela, eta beldurrak, ezezagutzak, erresistentziak... alde batera utzi eta errealitate honi erantzuten hasteko: leituz eta ikasiz, bertze gurasoekin solastatuz, profesionalekin elkarlana indartuz, ohiturak egokituz... Mugikorra emateko adina 16 urtera arte gibelatzen ahal da eta ez da jarrera drastikorik hartu beharrik, solastatuz egin beharreko prozesua da. Onurak aunitz dira: adikzioa gibelatu, harremanak izateko trebeziak aberastu, garunaren garapenean interferentziak saihestu, izaeraren garapena baldintzatzen ahal duten faktoreak mugatu, ongizate emozional aberatsagoa lortu...

Taldeko zenbait gurasoren esperientziak kontuan hartuz, instituturako aldaketa eta adinaren berezko aldaketak tarteko, nerabezaroa hagitz garai ezengonkorra dela erraten ahal dugu. Ezegonkortasun horrez gainera, mugikor propioa eskura utzita, zailtasunak areagotzen zaizkie. Hori da 16 urtera arte gibelatzeko bertze arrazoietako bat; orduan hasten dela nerabearen izaera eta garapena egonkortzen eta mugikor propioa gestionatzeko indargune gehiago izaten ahal dituzte. Gurasooi dagozkigun eginbeharrak eginda ere, arriskuak eta akatsak saihestezinak izanen dira. Horregatik seme-alaben ondoan egon behar dugu, elkarrekin ikasten eta hobetzen segitzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun