Ortzirale honetan hasita, 'Indarkeria matxistak besta guneetan' saioak eginen dituzte Bortzirietan herriz herri

Ttipi-Ttapa 2025ko eka. 5a, 12:00

2024ko Berako puntu morea.

«Sentsibilizazio eta prestakuntza saioak» izanen dira eta gaian aditua den Miren Orozko profesionalak gidatuko ditu. Aste honetan bi saio eginen dituzte: ortziralean Etxalarren eta larunbatean Arantzan. Lesakan eta Igantzin heldu den astean eginen dituzte eta Beran ekainaren 20an.

Indarkeria matxistak besta guneetan izenburupean, Bortzirietako Berdintasun Zerbitzuak antolatu ditu saioak eta jakinarazi duenez, Miren Orozkok «funtsezko ezagutzak» emanen dizkie parte hartzaileei: «Indarkeria matxistei eta sexualei buruz, alkoholaren eta bertze substantzia batzuen inpaktuari buruz, eta kasu horietan identifikazioa eta esku hartze zuzena oztopatzen dituzten mitoak eta estereotipoak desmuntatuko ditu». Gisa berean, parte hartzaileen kezkei eta zalantzei erantzunen die eta dauden baliabideen inguruko informazioa ere emanen du.

Bortz saio izanen dira:

  • Etxalarren, ekainaren 6an, ortziralean, 18:00etan izanen da, Pello Apezetxea Kultur Etxean.
  • Arantzan, ekainaren 7an, larunbatean, 10:30ean bilduko dira, liburutegian.
  • Lesakan, ekainaren 13an, ortziralean, 18:00etan egin dute hitzordua, Koskonta bidea 7, 2 udal aretoan.
  • Igantzin, ekainaren 14an, larunbatean, 10:30ean elkartuko dira liburutegian.
  • Beran, ekainaren 20an, ortziralean, 18:00etan Beralandetan eginen dute.

Ordu bat eta erdiko iraupena izanen du saio bakoitzak eta Berdintasun Zerbitzuak «Bortzirietako herritar guziei» egin die saioetan parte hartzeko deia: «Denon artean, besta giro seguruak eta indarkeriarik gabekoak eraiki ditzakegu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun