Berako Uzta emanaldi berezia eginen dute Berako Bandak eta berako hainbat abeslariak larunbatean

Ttipi-Ttapa 2025ko eka. 5a, 08:00

Berako Herriko Etxeko plazan eginen dute emanaldia larunbatean 22:00etan.

Berako Musika Bandak eta Petti, Joseba Irazoki, Janus Lester, Estitxu, Beñardo, Rüdiger eta Joseba B. Lenoir abeslariak hartuko dute parte larunbateko kontzertuan. Emanaldia 22:00etan izanen da Herriko Etxeko plazan eta azken sarrera batzuk salgai daude Agara prentsan eta Errekalde ostatuan 10 euroan.

Berako Musika Bandak herriko abeslariekin inoiz egindako proiekturik handiena da larunbatean eginen duten kontzertua. Lehen aldiz beratarra diren eta ibilbide oparoa duten zazpi artista ezagun bilduko dira herriko musika bandarekin batera elkarrekin kontzertua emateko. Iazko irailean hasi ziren abestien moldaketak egiten eta urtarrilean hasi ziren entseguekin.

Janus Lester, Estitxu Pinatxo, Joseba B. Lenoir, Beñardo Goietxe, Rüdiger, Joseba Irazoki eta Petti artistek parte hartuko dute. Bakoitzak bere bi abesti ezagun interpretatuko ditu, Berako Musika Bandak lagunduta. Egun honetan Aitor
Mitxelenaren gidaritzapean arituko da banda. Emanaldi berezi honetarako, artista bakoitzaren abestien moldaketak Igor Telletxea eta Jokin Pinatxo herriko musikariek egin dituzte.

«Ilusioz eta emozioz»

Berako Uzta kontzertuak proiektuak tokiko musika eta kultura sustatzea du helburu. «Beran sortu den musika talentu handia agerian jarri nahi dugu, baita Berako Musika Bandaren urte luzeetako lana azpimarratu ere. Gisa berean, ekimenak
erakusten du herri ttiki bat izanik ere, maila profesionalean arrakasta lortu duten musikari ugari daudela Beran, herriko aniztasun kulturala eta aberastasuna azpimarratuz. Gainera, kontzertu hau mugarri bat izanen da, herriko artista eta banda biltzen dituen lehenengo elkarlan handia baita»

Berako Musika Bandak azpimarratu duenez, «ilusioz eta emozioz» hartu dute proiektua, eta espero dute esperientzia handiko artisten eta herriko bandaren arteko elkarlanetik kontzertu «ahaztezina» sortzea. «Bertako nortasun kulturala indartuko duen eta gure musikarien ibilbide oparoa ospatzeko ekitaldi paregabea izanen da», nabarmendu dute
bandako kideek.

Berako Musika Bandak antolatu du emanaldia, Berako Udalarekin, Peio Martikorena Fundazioarekin eta ETBrekin elkarlanean. Gainera, emanaldia ETBk grabatuko du, ondotik, telebistaz emateko.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun