Nafarroako kopako finala jokatuko dute Beti Gazteko neska gaztetxoek

Ttipi-Ttapa 2025ko eka. 6a, 08:00

Beti Gazteko neska kadete-infantilen taldeak denboraldi bikaina egin du, liga irabazi ondotik kopa ere irabazita borobil dezakeena.

Igande eguerdian Faltzesen Mutilvera izanen dute arerio eta, liga irabazi ondotik, dobletea lor dezake Lesakako futbol taldeak.

Ekainean sartuta, 2024-2025 denboraldia bukatua da dagoeneko eskualdeko kirol talde gehien gehienentzat. Baina ez denentzat. Beti Gazteko neska kadete-infantilen futbol taldeak hitzordu garrantzitsua izanen du ekainaren 8an, igandean 12:15ean Faltzesko San Esteban futbol zelaian. Nafarroako Kopako finala jokatuko du Mutilvera taldearen kontra. Kopa irabaziko balu, doblete historikoa lortuko luke Lesakako taldeak, ligako txapeldun ere izan baita.

Denboraldi bikaina egin du Gotzon Arenas bizkaitar aranztarrak entrenatzen duen Beti Gazteko neska kadete-infantilen taldeak. Lehenengo fasean bi partida bakarrik galdu zituen eta bigarren izan zen, Baztanen gibeletik. Gero, Txapeldunen faseko hamalau partidetatik bakarra galdu zuen (kopako finalean arerio izanen duen Mutilvera taldearen aurka, hain zuzen) eta bertze hamahiruak irabazi zituen. Nagusitasun horrekin irabazi zuen liga: zazpi puntuko aldea atera zion bigarren izan zen Baztani eta 17 puntuko aldea hirugarren izan zen Mutilverari.

Kopan, berriz, final laurdenetako kanporaketa 4-0 irabazi zion Beti Gaztek UCD Burlades taldeari Mastegin. Finalerdietako zozketak Beti Gazteren eta Baztanen arteko norgehiagoka ekarri zuen, ligako lehenaren eta bigarrenaren artekoa, Elizondoko Giltxaurdin. Arauzko denbora banako berdinketarekin bukatu ondotik, penaltietan gailendu ziren lesakarrak. Mutilverak ere penaltiak behar izan zituen CD Mendaves taldea menperatzeko finalerdietan. Orain, finala jokatuko dute Beti Gaztek eta Mutilverak, Faltzesen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun