Ortziralera arte bidaltzen ahal dira 'Berako Oihua' aldizkarirako artikuluak

Ttipi-Ttapa 2025ko eka. 3a, 08:00

Aldizkariko testuak Bera herriari buruzkoak izan beharko dute.

Berako bestetako programarekin batera, 'Berako Oihua' aldizkaria argitaratzen du Berako Udalak eta Berako Kultur Batzordeak. Ortziralean bukatuko da aldizkarirako edukiak bidaltzeko epea.

Berako Oihua aldizkarian argitaratuko diren artikuluek Bera herriarekin erlazionatuak izan beharko dute: herriko historiarekin, aitzina herriko bestekin, herriko ekimenekin eta mugimenduekin, ospakizunekin eta urteurrenekin, pertsonaia ezagunekin...

Lanak Arial 12 formatuan idatziak egon beharko dira eta gehienez ere bi orrialdeko luzera izan beharko dute argazkiak barne. Argazkiak PNG edo JPG formatuan bidali beharko dira eta aukera izanez gero 300 pixel hazbeteko kalitatea izan beharko dute, nahiz eta 150 pixelekoak ere onartuko diren. Besta Batzordeak nabarmendu du ez dela onartuko izenbururik gabeko artikulurik.

Testuarekin batera egilearen izen-abizenak eta nortasun agiria (azken hau ez da testuan agertuko) bidali beharko dira nahitaez. Hauekin batera goitizenak jarri ahalko dira baina betiere izen-deiturak jarriz gero. Elkarte edota erakunde baten izenean idazten denean hauen izena paratuko da baina beti erakunde horren izenean norbaitek adierazi beharko du. Ez da onartuko pertsona edo talderen bat mindu edo iraintzen ahal duen testurik, eta Berako Udalak (Berako Kultur Batzordeak) testu horiek baztertzeko eskumen osoa du.

Edukiak aurkezteko epea ekainaren 6a (ortziralea) bitarte izanen da. Lanak formatu digitalean bidaltzea eskatu dute, .odt, .doc edo .pdf formatuan honako helbide elektroniko honetara: kultura@bera.eus

Aldizkariak duen espazio mugarengatik aurkeztutako testu guztiak sartzea ezinezkoa baldin bada, euskaraz idatzitakoek lehentasuna izanen dute. Testuak euskaraz idaztera animatu ditu herritarrak Berako Udalak, gaztelaniaz aurkeztutako testuak itzuliak izaten ahal dira euskaraz argitaratuak izateko.

Berako Udalak eta Berako Kultur Batzordea ez du ados egon behar Berako Oihuan argitaratutako iritziekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun