Artistaz bete zen Lesaka igande goizean. 'Lesakako herrigunea’ zen margotzeko gaia eta herriko karrikak izan ziren protagonista Beti Gazte elkarteak hamabigarren urtez Elias Garralda zenaren omenez antolatutako margo azkarreko lehiaketan margotutako koadro guztietan. Denera 25 margolari aritu ziren, inoizko kopururik handiena. Paloma Ochoa, Itziar Mikelperizena eta Garbiñe Larralde margolariek osatutako epaimahaiak aukeratu zituen irabazleak. Carlos Montero Gil Murtziako margolariak lortu zuen lehenbiziko postua eta 800 euro jaso zituen, San Martin elizaren barrenean egindako margolanarekin. Berrizko (Bizkaia) Fernando de Vicente Garrido artistak lortu zuen bigarren saria, 450 eurokoa, Albistur karrikako irudiarekin. Etxeko margolariaren saria Rakel Arlegi Goienetxek lortu zuen, 250 euro.
Haurrek ere parte hartzeko aukera izan zuten, hiru kategoriatan banatuak; A kategorian Unax Maia Larralde Abuin izan zen irabazlea, B mailan Nahia Ordoki Carrera eta C mailan Zuhatz Oiartzabal Larralde. Lehiaketatik kanpo, Adei Ordoki Carrerak ere saria eskuratu zuen. Sariak Gurekin Lesakako Zerbitzu Elkarteak eskainitako 30 euroko bonuak izan ziren eta Maria Hernandezek eman zituen.