Etxalarko XXXII. Gasna Feria ere arrakastatsua izan da

Ttipi-Ttapa 2025eko ekainaren 2a

Larunbateko artzain zakur txapelketan Gaizka Etxanizen Laster nagusitu zen eta igandeko gasna lehiaketan Orabideko Kortariko Bordako Julen Arburuarena.

Maiatza eta ekaina lotu dituen asteburuan ospatu da Etxalarko XXXII. Gasna eta Artisau Feria. Ardi zakur lehiaketarekin eman zitzaion hasiera asteburuari larunbatean. Lehiatu ziren bortz zakurren sailkapena honela geratu zen: Txapelduna Gaizka Etxaniz izan zen, Laster zakurrarekin (57 puntu). Sailkapenean bigarrena Roger Jauretxe izan zen, Pop zakurrarekin (53 puntu). Hirugarren postuan Marzel Hualde geratu zen, Sua zakurrarekin (48 puntu); laugarren Jesus Errazkin, Mendi zakurrarekin eta bosgarren Oronoz-Mugairiko Jorge Oteiza, Lagun zakurrarekin. Sariak, berriz, txapeldunarentzat txapela, makila, zakur guztientzat pentsua, herriko produktuekin osatutako lotea eta esku dirua izan ziren, baita afari-merienda ere. Lana epaitzen herriko artzainak aritu ziren, Landaburukoak eta Lekuederkoak. Artaldeak, berriz, Lekueder baserrikoak ziren.

Egunari akabera emateko, herriko dantzari, musikari eta kantarien ikuskizuna izan zen frontoian.

Igandean izan zen egun nagusia eta goizetik 30 artisau postutik goiti izan ziren ikusgai plaza eta frontoian. Horrez gain, baserriko tresna zaharren erakusketa Iriondoan, eskulan ikastaroko lanak eskola zaharretan, trikitilariak eta herriko ardi moztaile zahar eta gazteen eskutik ardi mozte erakustaldia izan ziren. Eguerdian egin zen XXXII. Altxata Gasna Lehiaketako sari banaketa. Hamaika gasna aurkeztu zituzten lehiaketara eta honela geratu zen sailkapen nagusia: Irabazlea Orabideko Kortariko Bordako Julen Arburua (trofeoa eta 150 euroko saria); bigarren postuan Azpilkuetako Jesus Zelaieta (trofeoa eta 120 euroko saria) eta hirugarren postuan Lesakako Agorlekuko Ainhoa Goñi (trofeoa eta 90 euro). Herriko gasnagileak ere saritzen ditu Altxatak lehiaketa honetan eta Landaburuko Joseba Danborienak eraman zuen lehen saria (trofeoa eta 70 euro) eta Antsoneko bordara joan zen bigarrena (trofeoa eta 50 euro).

Gasna lehiaketako epaimahaian Batista Telletxea, Gregorio Mitxelena, Manolo Arozena, Ana Lazkanotegi eta Patxiku Irisarri izan ziren.

Gasna erdien zozketarako zenbakiak ere atera zituzten: 5900 eta 6016 dira zenbaki saridunak, baina ez ziren egunean bertan agertu. Zenbaki horiek dituztenek harremanean jarri behar dute Altxata elkartearekin, 688 73 04 38 telefono zenbakian edo altxata@gmail.com helbide elektronikoan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun