Lesakako hirugarren sektorea dinamizatzeko lana aurkeztuko dute ekainaren 5ean

Ttipi-Ttapa 2025ko eka. 3a, 12:00

Ekaitz Bertiz, Izaro Iparragirre eta Julia Artieda dira proiektua garatu dutenak.

Otsailean Zako-Zahar Berdearen desagerpena izenburupean hasitako sentsibilizazio kanpainak Lesakako tokiko merkataritzaren erronkak ikusarazi zituen, ekintza sortzaile eta parte hartzaileen bidez. Kanpaina hark bertze urrats bat ematen duen prozesu bati hasiera eman zion: hiru proiektu pilotu, deialdi publiko bidez hautatutako Lesakako eta inguruko hiru gaztek diseinatu eta garatuak.

Proiektu hauek Lesakako Udalak, Nafarroako Gobernuak eta Emplea Fundazioak bultatutako Pueblos Vivid Herriak proiektutik jarri ziren martxan eta orain ibilbide berri bat hartu du. Proiektuaren barrenean, tokiko komertzioek lan saioak egin zituzten iaz, Lesakako hirugarren sektoreko erronkak eta beharrak identifikatzeko, eta gero ideiagintza bat garatzeko. Ideia jasa horretatik hiru proiektu pilotu definitu ziren aitzinera eramateko.

Ekainaren 5ean, ortzegunean 20:15ean, Harriondoa Kultur Etxean, hiru proiektu horien aurkezpen publikoa eginen dute, proiektua gauzatu duten hiru gazteen eskutik, herritar guztiei irekia. Hain zuzen, Julia Artieda beratarra, Ekaitz Bertiz sunbildarra eta Izaro Iparragirre lesakarra izan dira proiektua garatu dutenak.

Ekitaldian, bi hilabete hauetan  egindako lanak eta emandako urratsak partekatuko dituzte. Lesakako Hirugarren Sektorea indartzeko interesa duten eragile eta pertsonak biltzen segitzea da helburua.

Honako proiektu hauek aurkeztuko dituzte:

  1. Proiektu deigarria: sentsibilizazio kanpaina bat diseinatzea eta plazaratzea, jendea tokiko kontsumoaz kontzientziatzeko.
  2. Epe laburreko proiektua: online salmenta zerbitzu bat sortzea Whatsapp talde baten bidez, tokiko produktuen merkaturatzea erraztuz.
  3. Epe luzerako proiektua: hutsik dauden lokalak dinamizatzea, paneletan eta 3D maketetan aurkeztutako negozio berrien proposamenak diseinatuz, hutsik dauden lokalen potentziala erakusteko eta ekintzaile berriak erakartzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun