[GUTUNA]: Mikel San Sebastian

Ttipi-Ttapa 2025ko eka. 1a, 08:30

Mikel San Sebastian Lesakako preso politikoa bisitatzea ukatu dietela salatu du Beñat Iantzik idatzi honetan.

Idatzi honen bidez, salatu nahi dugu, pasa den martxoaren 10ean eskualdeko hiru gazteri, Zaballako kartzelan dagoen Mikel San Sebastian preso politikoa bisitatzea ukatu zigutela; bisita ukatzearen zergatia «segurtasun arazoak» direla argudiatuz.

Ez da egoera berria, ezta isolatua ere. Izan ere, euskal preso politikoak Eusko Jaurlaritzaren ardurapean daudenetik, salbuespen neurriak aplikatzen zaizkie hainbat preso politikori. Ildo ofizialarekin bat egiten ez duten preso politikoei hainbat bisita ukatu zaizkie, eskatzailearen edo presoaren ideologia edo militantzia politikoa dela eta. Horretaz gain, zenbait kultur eta kirol ekitalditan parte hartzeko mugak jartzen zaizkie presoaren posizionamendu ideologikoaren arabera.

Argi dago sakabanaketarekin bukatu arren, zapalkuntzak bere horretan dirauela Estatuarekin konfrontazio postura bat mantentzen duten preso politikoengan. Kartzela langile klasearen diziplinamendu aparatu bezala ulertu behar dugu, eta diziplinamendu horri men egiten ez dieten presoei tratamendu desberdina ematen zaie. Honen helburua garbi dago. Presoei borrokarako eta antolatzeko baldintzak ezabatzea bi modutan: Haien izaera politikoa ukatuz, sumisiozko bide bat jarrai dezaten, eta kalean konfrontazio postura hori mantentzen dugunekiko komunikazioa moztuz.

Azpimarratu nahi dugu preso politiko izaera mantentzearen garrantzia. Izan ere, preso politikoen askatasuna antolakuntza eta borrokatik etorriko da, eta ez haien izaera politikoa ukatzetik.

Azkenik gure besarkadarik iraultzaileena bidali nahi diegu Mikel eta gainontzeko preso politikoei.

Amnistia osoa!

Mikelen helbidea : CP Araba, Portillo S. Miguel s/n, 01230 Langraitz Oka, Araba.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun