Elias Garralda XII. Pintura Lehiaketa, IX. Argazki Rallya eta lerro dantza izanen dituzte igandean Lesakan

Ttipi-Ttapa 2025ko mai. 30a, 13:00

Lesakako herrigunea izanen dute margotzeko gaia igandean, Elias Garralda XII. margo lehiaketan.

Lesakako Beti Gazte elkartearen Astea ospatuko dute ekaineko lehen astean, gaur arratsaldean egitekoa duten batzar orokorraren ondotik. Lehen ekitaldiak ekainaren 1ean, igandean izanen dituzte: Elias Garralda XII. pintura lehiaketa eta IX. Argazki Rallya izanen dituzte goizean hasita eta, bukatzeko, Lerro Dantza emanaldia 19:00etan.

Igandean margo lehiaketa, argazki rallya eta lerro dantza

Ekainaren 1ean, Elias Garralda XII. Pintura Lehiaketa hasiko da, igandean, 08:30ean. Ordu horretatik 10:00etara eman daiteke elkartearen egoitzan. Sari banaketa, berriz, 17:30ean eginen dute Alondegian. Lehenbiziko saria 800 eurokoa izanen da, bigarrena 450 eurokoa eta herriko margolari baten lan onenak 250 euro izanen ditu.  Beti Gaztek eta Herriz Herri txapelketak antolatutako IX. Argazki Rallyrako izen-ematea, berriz, 09:00etatik 10:00etara egin daiteke. Orduan jakinaraziko dituzte aurtengo bortz gaiak. Rallyaren akaberan, 13:00etatik 14:00etara, deskargatu beharko dituzte Beti Gazte elkartean. Ondotik, lehiakide bakoitzak, gai bakoitzeko argazki bat aukeratuko du eta argazkilaritza@betigazte.net helbidera bidali beharko ditu, ekainaren 8ra bitarte. Sariei dagokienez, gai bakoitzeko irabazleak 100 euro eta diploma hartuko ditu, baita Beti Gazteko bazkide baten lan hoberenak ere. 150 euroko sari berezia izanen du bilduma hoberena aurkezten duenak. Arratsaldean, Lerro Dantza emanaldia izanen dute 19:00etan.

 

Datozen astekoak

  • Ekainaren 3an, aurrebenjaminen eta benjaminen futbol torneoa 16:30ean.
  • Ekainaren 4an, haurrentzat bizikleta ginkana eginen dute Harriondoan, 17:30ean.
  • Ekainaren 5ean alebinen futbol torneoa, 16:30ean.
  • Ekainaren 6an, ortziralean, 17:00etan herri kirol jardunaldia izanen da haurrentzat Plaza Zaharrean eta ondotik, Ezagutu Dezagun Lesaka eta Lesakako Bitxikeriak lehiaketetako sari banaketak leku berean. Azkenik, Beti Gazte Kantariren emanaldia izanen da 19:00etan.

 

Beti Gazte Eguna

Beti Gazte Eguna ekainaren 7an ospatuko dute. Ohi bezala, goizean, 08:00etan mendi irteera eginen dute, 11:00etan futbol torneo berezia eginen dute, gaur egungo jokalarien eta jokalari ohoen artean, bai emakumeak, baita gizonezkoak ere. Gero, poteoa eta 14:30ean bazkaria Beheko Plazan (euria eginen balu frontoian). Bazkarirako txartelak salgai daude dagoeneko eta horiek eskuratzeko hondarreko eguna maiatzaren 30a izanen da (Telletxea liburu dendan, Izarra okindegian edo Etxeberria ostatuan). Bazkarirako txartelaren prezio orokorra 35 eurokoa da; fitxa duten futbolari eta tiralariek 20 euro ordaindu beharko dute (Mastegi ostatuan edo Beti Gazteren dendan) eta haurren menua 15 eurotan izanen da. Bazkaldondoan sariak banatuko dituzte, bingoa eta haurrentzat puzgarriak. Ilunabarrean Burrunba elektrotxaranga ibiliko da karrikaz karrika.

Ekainaren 8an, azkenik, igande eguerdian Beti Jauzi Mutxiko taldearen emanaldia izanen dute Harriondoa kultur etxean, 12:00etan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun