Toki Onako Lanbide Heziketa Bereziko ikasleek papera birziklatzeko proiektua egin dute

Ttipi-Ttapa 2025ko mai. 29a, 17:00

Toki Ona institutuko Lanbide Heziketa Bereziko ikasleeak eta irakasleak.

Toki Ona institutuko Lanbide Heziketa Bereziko Jaione Goñi Mitxelena, Gaizka Viela Mena, Julen Mitxelena Arozena eta Aitzol Pino Ollokiegi ikasleek Nafarroako Hondakinak entitateak bultzatutako proiektuan parte hartu dute.Tximinian sua pizteko lagungarri diren blokeak sortu dituzte Lanbide Heziketa Bereziko ikasleek. 

Proiektuan, ikastetxean zein eskualdean hondakinekin ditugun arazoetariko bat detektatu eta irtenbide bat eman behar zioten ikasleek, aldi berean, arazoaren inguruan kontzientziazioa bultzatuz.

Toki Onaren kasuan, institutuan paper hondakin aunitz sortzen dela detektatu dute ikasleek eta paper horietan informazio konfidentziala agertzen denez; hala nola, ikasle eta irakasleen izen abizenak, azterketen emaitzak, irudiak... ezin dituzte zuzenean zaborrontzira bota eta birrindu egin behar izaten dituzte. Paper birrindu kantitate handi horri soluzio bat emateko asmoz, lurreko sua pizteko lagungarri diren blokeak sortu dituzte ikasleek. Horretarako paper birrinduaz aparte, kartoia, zerrautsa, ura, obratako irabiagailua, moldea eta prentsa erabili dituzte. 

Prozesuari dagokionez, hasteko, papera birrindu dute eta kubo batzuetan kartoia, zerrautsa eta urarekin nahasi dute. Egun batzuk jalkitzen utzi ondotik, obrako irabiagailu batekin xehatu eta masa bat lortu dute. Toki Onako Lanbide Heziketakoek zilindro formako molde bat sortu diete zulotxoekin eta prentsa bat soldatu diete masari ura kentzeko. Azkenik, prentsatu eta blokeak lortu dituzte. Bloke horiek lehortzen utzi eta tximiniarako sua pizteko pelet gisakoa lortu dute, pastilla kimikoak ordezkatzeko.

Proiektua Cadreitan aurkeztu dute Nafarroako bertze hainbat ikastetxerekin batera eta «erantzun hagitz ona» izan du.

Toki Ona institutuak zorionak eman dizkie lau ikasleei egindako lanagatik eta ikastetxeetan gertatzen den arazoa izanik, irtenbide honen berri eman nahi dute: «Espero dugu eredugarri eta baliagarri izatea gainontzeko ikastetxeentzat».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun