XXXII. Gasna Feria ekainaren 1ean ospatuko dute Etxalarren

Ttipi-Ttapa 2025ko mai. 29a, 19:00

Etxalarko gasna lehiaketaren hogeita hamabigarren edizioa eginen dute igande goizean.

Altxata elkarteak antolatutako gasna lehiaketaz eta artisau feriaz gain, larunbatean ardi zakur txapelketa eta dantza saioa ere izanen dituzte.

Ekainaren lehenengo asteburuan ospatuko da XXXII. Gasna feria, eta asteburuari izena ematen dion gasna lehiaketak ez du hutsik eginen. Ekainaren 1eko goizean XXXII. Altxata gasna lehiaketa antolatu dute eta inguruko gasna egileek beraien gasnak aurkezteko aukera izanen dute.

Larunbatean Etxakarko VI. Ardi zakur lehiaketa

Etxalarko Bezperan, maiatzaren 31n, 18:00etan, Etxalarko VI. Ardi zakur lehiaketa izanen da errota pareko zelaian. Bortz artzain eta beuren zakurrak etorriko dira: Baigorriko Roger Jauretxe, Pop zakurrarekin; Aldudeko Marzel Hualde (Sua); Etxarriko Jesus Razkin (Mendi); Oronoz-Mugairiko Jorge Oteiza (Lagun); eta Azkoitiko Gaizka Etxaniz (Laster). 22:00etan frontoian, herriko dantzari, musikari eta kantarien ikuskizuna izanen da. 

Artzain zakur lehiaketak seigarren edizioa beteko du aurten.

 

Igandean erakusketak, ardi ile mozte erakustaldia eta gasna lehiaketa

Igande goizean, Iriondoa etxean baserriko lan tresna zaharren erakusketa izanen da, Eskola zaharretan eskulan ikastaroko lanak ikusgai egonen dira eta musika izanen da karrikan. Frontoian, berriz, 10:00etatik 11:00etara lehiaketako ardi gasnen harrera eginen da. Bortziriak, Malerreka, Bertizarana, Baztan, Urdazubi, Zugarramurdi eta Leitzaldean bizi diren artzain edo gasna egileak parte har dezakete. Ardi latxaren esne gordinarekin egindako gasna txapelketa da. Lehiaketarako gasnak gutxienez 60 egunez onduak izan behar dute. Egile bakoitzak gasna bakarra aurkez dezake eta 20 euro ordainduko zaizkio.

12:00etan ardi ile mozte erakustaldia izanen da herritarren eskutik, eta zirian erretako ardikiaren pintxoak dastatzeko aukera ere izanen da. Aurten ez da kantu bazkaririk izanen. Hori dela eta, artisau azokaren ordutegia luzatzea erabaki du Altxatak, baita kopurua ere. 45 artisau postu inguru izanen dira, frontoian, plazan eta karrikan, 10:00etatik 15:00etara.  13:30ean gasna lehiaketako sari banaketa eginen dute frontoian. 

Baserriko lan tresna zaharrak ikusgai izanen dira aurten ere Iriondoan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!