26.000 zuhaitz baino gehiago sartu dituzte Lesakako herri lurretan. Lesakako Udalak Nafarroako Gobernuari aurkeztu zion landaketa proiektua onartu zuen eta Europako Next Generation diru funtsen bidez ordaindu da osorik. Eskolamendi (11 hektarea) eta Madarizar (9 hektarea) inguruetan oihanberritzeak izan dira proiektuan sartu direnak.
Esleipena egin ondotik, 2024ko udazken eta 2025ko negu garaian lanak burutu dira, Repoblaciones Forestales Etxarte SL enpresaren eskutik.
106.778,93 euroko kostua izan da eta Nafarroako Gobernuak hartu du bere gain osorik. Obra zuzendaritzaren kostua aldiz, Lesakako Udalak ordainduko du.
Madarizar inguruko bederatzi hektareatan 11.135 zuhaitz landatu dituzte: 6.149 alertze, 3.064 Atlasko zedro, 1.538 bertako haritz, 192 gereziondo eta 192 lizar. Eskolamendiko hamaika hektareatan, berriz, 14.939 zuhaitz landatu dituzte, denak itsas pinuak.
Azkenik, urte honen bukaeran, Goiko Iraga inguruan 2.500 eta Zumarran bertze 2.000 gaztainondo landatuko dituela ere iragarri du Lesakako Udalak, bertan dauden hutsuneak hornitzeko helburuarekin.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!