Lesakako Beti Gazte elkartearen Astea batzar orokorrarekin abiatuko da

Ttipi-Ttapa 2025ko mai. 27a, 17:00

Beti Gazte elkartearen urteko batzarra eginen dute ortziralean eta, ondotik, ekitaldiz betetako astea dator.

Lesakako Beti Gazte elkartearen Astea ospatuko dute ekaineko lehen astean. Aitzinetik elkarteak urteko ohiko batzarra deitu du maiatzaren 30ean, ortziralean 18:30ean lehen deialdian eta 19:00etan bigarrenean. Elkartearen egoitzan eginen dute bilkura, Alondegiko lehen solairuan.

Iazko batzarraren akta irakurri eta, bidezko bada, onartu ondotik, 2024an egindako ekitaldiak eta kontuen balantzea, 2025eko ekitaldiak eta aurrekontua, kuotak eguneratzea, informazioa eta bertze gaiak aztertuko dituzte, zuzendaritza batzordearen berritzearekin eta eskari-galderen txandarekin bukatzeko. Ondotik luntx ttiki bat ere eskainiko dute.

Beti Gazteren Astea

Ondotik, ekitaldiz gainezka datorren Beti Gazteren Astea prestatu dute. Ekainaren 1ean, Elias Garralda XII. Pintura Lehiaketa hasiko da, igandean, 08:30ean, IX. Argazki Rally-a 09:00etan eta Lerro Dantza emanaldia 19:00etan.

  • Ekainaren 3an, aurrebenjaminen eta benjaminen futbol torneoa 16:30ean.
  • Ekainaren 4an, haurrentzat bizikleta ginkana eginen dute Harriondoan, 17:30ean.
  • Ekainaren 5ean alebinen futbol torneoa, 16:30ean.
  • Ekainaren 6an, ortziralean, 17:00etan herri kirol jardunaldia izanen da haurrentzat Plaza Zaharrean eta ondotik, Ezagutu Dezagun Lesaka eta Lesakako Bitxikeriak lehiaketetako sari banaketak leku berean. Azkenik, Beti Gazte Kantariren emanaldia izanen da 19:00etan.

Beti Gazte Eguna

Beti Gazte Eguna ekainaren 7an ospatuko dute. Ohi bezala, goizean, 08:00etan mendi irteera eginen dute, 11:00etan futbol torneo berezia eginen dute, gaur egungo jokalarien eta jokalari ohoen artean, bai emakumeak, baita gizonezkoak ere. Gero, poteoa eta 14:30ean bazkaria Beheko Plazan (euria eginen balu frontoian). Bazkarirako txartelak salgai daude dagoeneko eta horiek eskuratzeko hondarreko eguna maiatzaren 30a izanen da (Telletxea liburu dendan, Izarra okindegian edo Etxeberria ostatuan). Bazkarirako txartelaren prezio orokorra 35 eurokoa da; fitxa duten futbolari eta tiralariek 20 euro ordaindu beharko dute (Mastegi ostatuan edo Beti Gazteren dendan) eta haurren menua 15 eurotan izanen da. Bazkaldondoan sariak banatuko dituzte, bingoa eta haurrentzat puzgarriak. Ilunabarrean Burrunba elektrotxaranga ibiliko da karrikaz karrika.

Ekainaren 8an, azkenik, igande eguerdian Beti Jauzi Muxiko taldearen emanaldia izanen dute Harriondoa kultur etxean, 12:00etan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!