[GUTUNA]: Ibardingo IX. Igoera: batzuen aisia bertzeen sufrimendua

Ttipi-Ttapa 2025ko mai. 23a, 12:30

Ekainaren 7an egitekoa den Ibardingo IX. Igoeraren harira, idatzi hauxe egin du Jaione Iraola Rozasek. Etxea igoera egiten den errepide bazterrean dute eta horrek dituen ondorioez aritu da. Antolatzaileei eta Berako Udalari zuzendu zaie.

Datorren ekainaren 7an eginen da Ibardingo IX. Igoera. Gure etxea errepide bazterrean dago. Bertan bizi da gure ama, 91 urtekoa. Bere osasuna kaxkarra da eta laguntza teknikoak behar ditu (gurpil aulkia, ohe artikulatua, komun egokitua, eta abar). Horretaz gain, burua ez du ongi, eta ohiko errutinak eta inguru ezagunak beharrezkoak ditu.

Gure etxetik 100 metro ingurura, goranzko noranzkoan, kokatzen dute irteera eta asistentzia gunea, 50 metro ingurura, beheranzko noranzkoan, etxea bien artean geldituz. Tarte horretan irteera hartzeko esperoan egoten dira kotxeak, ilaran. Motorrak eta gurpilak berotzeko azeleratze zakarrak, jarraituak eta biziak egiten dituzte, gure etxeko atarian izugarrizko zarata sortuz, ia egun guztian zehar.

Nahiz eta teorian hori ekiditeko neurriak hartzen diren, errealitatean, lehiaketak dirauen bitartean, zarata jasanezina izaten da etxean eta amak ez du hori aguantatzen. Hortaz, bere etxetik kanpo eraman behar dugu egun guztian, bere egoera kontuan izanik, horrek suposatzen duenarekin. Hau gutti ez balitz, 2017ko lasterketaren bezperan, gauez, kotxe batek etxearen kontra talka egin zuen eta 2021ean, bertze batek lasterketaren egunean. Batzuen aisia bertzeen sufrimendua.

Bai antolatzaileei, baita Berako Udalari ere, honek igoera baimentzen baitu, urtero eskatu diet lasterketa ez burutzea edo egitekotan, gure etxea erdian ez gelditzeko moduan antolatu dezatela, behintzat. Orain arte ez dut lortu, ea aurten lortzen dudan. Eskertuko nizueke zorte ona opatzea. Nik zeuen burua antzeko egoera batean ez ikustea opa dizuet!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun