Jabier Fagoaga zena omenduko dute larunbatean Lesakan

Ttipi-Ttapa 2025ko mai. 21a, 14:00

Jabier Fagoaga berak egindako eskulanekin, Lesakako feria egun batean.

Urte hasieran hil zen Jabier Fagoagaren omenaldi eguna antolatu dute bere lagunek Lesakan, maiatzaren 24an. Egun osoko ospakizuna izanen da eta bazkaria ere eginen dute Beheko Plazan.

Maiatzaren 24an, larunbat eguerdian abiatuko da ospakizun eguna, Erdiko Errotan egin duten muralaren irekierarekin. Segidan, herriko ostatuetan barna poteoa eginen dute txarangarekin. 14:30ean bazkaria izanen dute Beheko Plazan. Bazkalondoan Olaia Iantzi ariko da kantari eta mikro irekia ere izanen da. 18:00etan bertso poteoa eginen dute 19:00etan Pasapalabra jokoa Koxkilan. 22:00etan kontzertua emanen dute Plaza Zaharrean The Malcolm Young Band eta B.I.P. taldeek. Egun osoan, Jabier Fagoagaren artelanen erakusketa eginen dute.

Jabier Fagoaga Kanka musika taldean kantari.

 

Artista eta artisaua

Jabier Fagoaga Igantzi Lesakako artista eta eskulangile ezaguna 2025eko urtarrilaren 25ean hil zen, 62 urte zituela. Kanka musika taldeko abeslaria izan zen, baina eskulangile gisara ere, hainbat lan egiten zituen: zakuzar eta sorgin ttikiak, teila apainduak, kamiseta margotuak, egurrezko egutegiak, bitxiak, margolanak eta muralak…

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun