Beti Gazte laugarren izan da Nafarroako launakako sokatira txapelketa mistoan

Ttipi-Ttapa 2025eko maiatzaren 19a

Beti Gazteko laukote mistoak ez du oraingoan Nafarroako txapelketako podiumera igotzerik izan. Argazkian, larunbatean tiratzen Antsoainen.

Larunbatean Antsoainen Berriozar C izan zen txapeldun, Txantrea A bigarren eta Txantrea B hirugarren

Nafarroako 4x4 sokatira txapelketako pisu astunenetako txapelak erabaki ondotik (Beti Gazte izan zen txapeldun emakumezkoetan eta Berriozar gizonezkoetan), larunbat honetan txapelketa mistoa jokatu dute Antsoainen, 280 kiloko kategorian. Beti Gaztek, oraingoan, ez du podiumera igotzea lortu eta laugarren izan da, Berriozar C txapeldunaren, Txantrea A eta Txantrea B taldeen gibeletik.

20 urtez beheitiko txapelketa mistoan, eskualdeko ordezkaririk gabe, Antsoain A izan zen txapeldun, Berriozar bigarren eta Antsoain C hirugarren.

 

Nafarroako 4x4 txapelketa mistoko podiumean, Berriozar C txapeldun, Txantrea A bigarren eta Txantrea C hirugarren.

 

Pisu arinak azkenik

Pisu astunak eta txapelketa mistoa erabaki ondotik, maiatzaren 24an pisu arinenen lehia hasiko da, Nafarroako 4x4 txapelketan. Gizonezkoen 300 kiloko txapelketako lehen jardunaldian, Antsoain A, Antsoain B, Berriozar, Beti Gazte, Txantrea A eta Txantrea B ariko dira. Emakumezkoen 240 kiloko jardunaldia ere bi zatitan eginen dute: Amaiur, Antsoain A, Antsoain B, Araxes, Berriozar A, Berriozar B, Txantrea A eta Txantrea B ariko dira. Beti Gaztek ez du, beraz, laukoterik aurkeztuko kategoria hauetan. Helduekin batera, kadete mailakoek ere jardunaldi bakarreko lehen zatia jokatuko dute. Hamar talderen artean, Basaburua izanen da eskualdeko bakarra.

Txapelketa akitzeko, maiatzaren 31n Elizondon jokatuko dute gizonezkoen 300 kiloko bigarren jardunaldia eta emakumezkoen 240 kiloko eta kadeteen jardunaldi bakarretako bigarren zatia.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun