Bortzirietako Bor-Bor euskaltzaleen mugimenduaren urteko batzarra eginen dute maiatzaren 23an Beran

Ttipi-Ttapa 2025ko mai. 20a, 08:00

Bor-Bor Bortzirietako euskaltzaleen mugimenduko talde eragilea, 2024ko urrian.

Ortziralean 18:00etan dute hitzordua Beralandetan eta taldearen segida ere aztertuko dute

Bor-Bor Bortzirietako Euskaltzaleen Mugimenduak urteko batzarra eginen du maiatzaren 23an, ortziralean 18:00etan Berako Beralandetan. Urteko ekintzen errepasoa eta balorazioa egin ondotik, diru kontuak eta taldearen segida aztertuko dute.

Bortzirietako euskaltzale guziei parte hartzeko deia egin diete, «aurten egindakoaren berri jakin dezaten eta, batez ere, elkarrekin ikus dezagun modurik ote den datorren ikasturtean Bor-borrek martxan segitzeko eta urte guzian dinamika indartsua izateko».

Izan ere, Bortzirietako euskaltzaleen mugimenduari iruditzen zaio «ezinbertzekoa dela Bortzirietan talde bat izatea euskararen inguruan lan egiteko (hizkuntza ohituretan eragiteko, hizkuntza eskubideak defendatzeko, herritarren kontzientzia bizteko…), bai herriz herri eta bai eskualdean oro har, baina orain arteko talde eragilea kolokan da, eta ez dago herrietako talderik martxan, nahiz eta batek baino gehiagok lan handia egin ekintza puntualak antolatzen, hala nola Bortzeguna».

Beraz, urteko batzarra probestu nahi dute ikusteko «ba ote den aukerarik egoerari buelta eman eta Bor-bor aktibatzeko, edo, ezezkoan, taldearen bidea bere hartan geldituko den oraingoz».

Antolaketa lanak errazteko, izena eman behar da borboreuskara@gmail.com helbide elektronikora idatziz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun