'Puzzlea osatu arte!' ekimeneko lehen pieza Lesakan paratu dute

Ttipi-Ttapa 2025ko mai. 19a, 09:30

Onin errekaren gaineko zubian paratu zuten Puzzlea osatu arte! ekimeneko lehen pieza, larunbatean Lesakan.

¡Sare Herritarrak antolatutako Puzzlea osatu arte! ekimena Lesakatik atera zen larunbatean eta Hego Euskal Herrian 27 geldialdi eta 544 kilometro egin ondotik, Iruñera ailegatu zen igandean. Lesakako ekitaldian, Iban Garroren olerkia Gaizka Sarasolak jotako txistu eta ttunttun doinupean, Martxel Rodriguez Etxabideren dantza, Sare Herritarrako Mikel Mundiñanoren eta Maddi Ane Txoperena idazlearen solasak eta bizikleta ibilaldia izan zuten, 40 urte 40 txirrindulari izenburuarekin. Ondotik, herriko ostatuetan paratutako argazkien erakusketa ikusteko aukera izan zen, bertso poteoaren bitarteaz eta bazkaria izan zuten herriko etxeko arkupetan eta ArranoBand taldearen emanaldia.

«28 herri hauetan aldarrikatu nahi duguna gatazkak utzi dizkigun ondorioen konponbidea da, ezinbestekoa da elkarbizitza agertokietara jauzi egin nahi badugu ondorio guzti horiekin amaitzea eta beraz, biolentzia ezberdinen biktimen aitortza eta erreparazioarekin batera ezinbestekoa da euskal preso, iheslari eta deportatuen etxerako bidean urratsak ematea», adierazi zuen Sare Herritarrako Mikel Mundiñanok.

Iban Garroren poesia eta Martxel Rodriguezen dantza, puzzlearen lehen piezarekin.


«57 dira oraindik etxerako bidea egiteko oztopoak dituzten euskal presoak eta bide horretan oztopo izaten jarraitzen dute salbuespen lege eta politikak. Oraindik salbuespenezko trataera jasotzen dute euskal presoek eta esanguratsua da lege eta politika arruntak aplikatuko balitzaizkieke euskal presoen %100a etxean egongo litzatekela», aipatu zuen.

Mikel Mundiñano eta Maddi Ane Txoperena.


Konponbidearen puzzlea osatzea helburu eta aldarri izan dute bi egun hauetan, herriek oraindik puzzlean kokatzeko falta zaizkien piezak puzzlean kokatzea da helburua eta «lanean jarraituko dugu euskal gizartearekin batera euskal preso guztiak etxerako bidea egin dezaten».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun