Gurasoei helarazitako oharrak dioenez, «Hezkuntza Publikoak denona eta denontzat izaten segitzea nahi dugu, inklusiboa eta kalitatezkoa, baina horretarako giza-baliabideak behar ditugu». Legeak garbi erraten du hezkuntzak ikasle guztien garapen integrala bultzatu behar duela eta, horretarako, ikasleen jarraipen pertsonalizatua egin behar dela. Baina, bitartean, «urtetik urtera, Gobernuak horretarako ezinbertzekoak diren profesionalen laguntza saioak murrizten ari da, ikasleen eta euren familien eskubideak urratuz», diote.
Eskola publikoetatik bidalitako oharrak dioenez, «badirudi erabat ahantzi dituztela gure eskualdeak dituen berezitasunak eta beharrak, hau da, landa eremu euskaldun batean bizitzeak dakartzan berezitasunak. Pertsonen arreta integrala eta kalitatezkoa jasotzea gure ikasleen eskubidea da» eta horren aldarrikapenerako familiak zein ikasleak deituak dituzten mobilizazioetan parte hartzera animatzen dituzte. Hain zuzen, astelehen, astearte eta asteazken honetan eginen dituzte elkarretaratzeak, «Ikasleen eskubideak ez urratu, murrizketarik ez!» goiburupean.
Elkarretaratzeak
- Berako Rikardo Baroja: astelehena 19, 09:00etan eskolako atean.
- Toki Ona institutua: astelehena 19, 13:05ean zelai gorrian
- Igantziko eskola: astelehena 19, 16:00etan eskolako atean
- Lesakako Irain eskola: asteartea 20, 09:00etan eskolako atean
- Arantzako eskola: asteartea 20, 16:00etan eskolako atean
- Etxalarko eskola: asteazkena 21, 09:00etan eskolako atean
Bertzalde, Malerrekako eskolek astelehen goizean eginen dituzte elkarretaratzeak; 09:00etan eskolako sarrera ordua probestuz.